Praktikatu eta bizi!

Joan den igandean Praktikatu-ko lagunek antolatutako ibilaldian parte hartu genuen, Flysch-etan barrena ibili ginen eguraldi eta umore ona lagun!

AEK-ren Praktikatu zerbitzuak Mintzalagun programaz gain, Kirola eta Natura izeneko ekimena du abian, haren baitan Euskal Herri osoko txokoak ezagutzeko aukera paregabea izaten da:  orientazio saioak, ibilbide gidatuak, haitzuloetara bisitak… denetik egiteko aukera paregabea eskaintzen du, eta, nola ez, hori guztia euskaraz!

Ikasturteko nekeak eta tenperatura altuek utziko ez zutela uste izan arren, iganderako termometroek behera eginda, eguraldi bikaina eta giro zoragarria izan genituen. Itziarko Itxaspetik abiatuta 9 km inguruko ibilbide zirkularra osatu genuen Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritako 45 lagun inguruk. Goizeko ibilaldiko argazki gehiago lotura honetan.

Gainera, mendi buelta egin eta etxera tripa hutsik joatea triste samarra denez, handik bazkaltzera joan ginen Zestoako ikasle eta irakasle taldetxo bat. Indarrak hartu bitartean, kontu-kontari mingaina ederki astindu genuen, euskaraz nahiz gazteleraz egiten ditugun hanka-sartzeak tarteko barrea izan zen protagonista, baina maitasun kontuek ere, ia beti bezala, izan zuten beren tartetxoa. Bazkariak ere ez zuen aitzakiarik; eskerrik asko, Gotzone, etxean bezala hartzeagatik! Ederki ikasi dugu zure txipiroienganainoko bidea!

Eguna osatzeko, Iraetako baratze-parkea bisitatu genuen, ikasleak irakasle aritu ziren orduan, bakoitzak zer zuen azalduz, eta ekarri aholkuak emanez ere bai! Bejondeizuela!

Ikasturtea amaitzear dago, eta udan atseden hartuko dugu euskara eskoletatik, baina datorren irailean indartsu ekingo diogu berriro ikasturteari! Zuek zalantzan bazaudete, zatozte gurekin, euskara ikasteaz gain, beste ekintza askoren artean, horrelako egun-pasa ederrak ere egiten ditugu eta! Orain da aurrematrikula egiteko sasoia, ekainaren 30era arte egongo da zabalik.

Informazio gehiagorako, deitu edo idatzi 670 420 048 telefonora, edo zestoa@aek.eus helbidera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide