Paperekoa

Ramadana: beste kapitulu bat

Urteko ekuatorera sartu berri garenean, hamaika sentsazio positibo izan ohi da: uda usaina, opor gosea, egun luzeak eta argitsuak, kale giroa…

Komunitate musulmanak bizi dituen sentsazioak era askotakoak dira garai horretan, emozionalak eta guztiz espiritualak, Ramadanaren sasoian baitaude. Sasoi entzutetsua, baina ezezagunagehienontzat, familia musulmanek Ramadanean bizi duten egunerokoa guztiz arrotza baitzaigu.

Yasmin Mayo Hajaj eta Ali Raza Ramadana egiten ari diren gazte zestoarrak dira eta euren egunerokoa azaldu digute.

Egutegi musulmanaren bederatzigarren hilabetea da Ramadana. Hilabete santua, Ala-ri Korana (liburu santua) bidali ziotenekoa oroitzen baitute. Egunean zehar ez dute ez jaten ezta edaten ere. Horrek, funtzio erlijiosoa izateaz gain, purifikatzeko ere balio omen du. Emakumezkoen kasuan, hilekoa dutenean araua “hautsi” eta egunean zehar jan egin behar izaten dute, bestela, kaltegarria izan baitaiteke osasunarentzat. Dena dela, egun horiek berreskuratu egin behar izaten dituztela azaldu du Yasminek.

Aurtengoan, maiatzaren27tik ekainaren 27ra bitartean iraungo du. Baina beti ez da maiatzean hasten. Ilargiaren egutegiaren arabera zehazten da Ramadana. Yasminek hamalau urte ditu eta Zestoan jaioa da. Ama marokoarra eta aita bertakoa ditu. Hamaika urterekin egin zuen lehen aldiz Ramadana eta gogotsu ekin dio aurten ere. Ali, aldiz, pakistandarra da, hemezortzi urte ditu eta hark ere gogo handiz ekiten dio sasoiari. Goizeko seietan hasi eta gaueko hamarrak bitartean ez dute ez jaten eta ez edaten, baina ez omen da sakrifizio handia eurentzat, gustura aritzen dira. Txikitatik etxean ikusi dituzten ohiturei ari dira jarraitzen. Goizeko zazpietan eskolara joateko jaikitzen da Yasmin. Eskolan, ordea, hamaiketakorik ezin jan.Baina horrek ez dio arazorik sortzen, Ramadana egiten ari diren beste ikaskide marokoar batzuekin pasatzen du jolas ordua, euren kontuez hitz egiten.

Noizean behin, txantxa bat edo beste egiten omen diote ikaskideek, ura edatera gonbidatuz, esaterako, baina betiere algaraka eta errespetu handiz.

Etxera bostak aldera iritsi eta janaria prestatzen aritzen da amarekin arratsaldean. Jateko marokoarra egiten dute: datilak, mota guztietako irabiatuak, harira (marokoar zopa berezi bat, tomatea eta fideoekin), harsha (gari-semolarekin egiten den pasta), kuskusa… Arratsaldeak ziztu bizian igarotzen zaizkie eta gauean jaten dute arratsaldean prestatutakoa.

Alik, berriz, kalean lagunekin pasatzen du ia egun osoa, eskola garaia amaitu baitu. Baina etxean sukaldean edo etxeko lanak egiten pasatzen dute eguna, baita otoitzean ere. Egunean bost alditan errezatzen dutela azaldu du: goizeko 4:30ean jaikita, 14:00ak aldera, 17:00etan, 21:45 inguruan eta azkena gaueko hamaikak-hamabiak aldera. Bakoitzak bere erara egiten omen du otoitz, ez taldean.

Gauetan, jan eta edan

Yasminen etxean gaueko hamarrak iristean, arratsaldean prestatutako jaki goxoak jaten dituzte. Edateko, zukuak eta irabiatuak eta jatekoa nahi adina. Yasminek dioenez, Ramadan garaian gaueko hamarrak ingurua bazkalordua modukoa izango litzateke eta gaueko ordubatak inguruan beste otordu bat egiten dute, afaria izango balitz bezala.

Aliren etxean, berriz, 21:45ak aldera hasten dira jaten. Ordua iristean, gose gehiegirik gabe egoten omen da, baina plazer handiz sartzen omen zaio jatekoa. Otoitz egitearekin uztartzen da jatea eta edatea Aliren etxean. “Ohera joan aurretik otoitz egiten dugu eta gero goizeko lauetan jaikitzen gara berriz otoitz egitera. Niri ez zait inporta lo gutxi egitea” dio.

Batzuk argiak itzali eta pertsianak jaisten gabiltzan bitartean,munduko milioika musulmanen etxeetan argiak pizten dira. Bizitzako plazer txikiak elkarrekin partekatu eta euren artean espiritualki konektatzen dira, komunitatea indartuz, pertsona bakarra izango balira bezala. Izan ere batzuetan euren etxeetan gelditzen dira, bestetan lagunen etxeetan…Baina bai Alik eta baita Yasminek ere aipatzen dute beti daudela lagun edo familia artean gaueko hamarraz geroztik. Dena denekin partekatuz egiten dute, eskuzabaltasun osoz. Eta bakoitza bere erara saiatzen da orduak pasatzen gauetan. Yasminek dio bere etxean pelikulak ikusteko ohitura handia dutela. Sasoian, goizeko ordu txikietan Ramadanari lotutako pelikulak edo serieak ematen omen dituzte. “Istorio zehatz bat izaten da, ipuin moduko bat, Ramadanak irauten duen bitartean ematen dutena. Asko gustatzen zait pelikula horiek ikustea. Eguneko unerik onena dela esango nuke” dio Yasminek.

Ramadanaren atariko festa

Ospakizunak ez dira falta Ramadanaren atarian. Hogeita seigarren egunari buruz modu berezian hitz egin du Yasminek.Laylatu l-Qadr (“destinoaren gaua”) izenez ezagutzen dute eguna eta ospakizun eta erritual bereziak egiten dituzte. Jainkoa familien etxeetara jaisten dela diote, eguna eta gaua beraiekin pasatzeko, eta gaua errezoan pasatzen dute. Marokon etxeko txikienek, adibidez, “jaunartze moduko bat” egiten dutela dio Yasminek. “Jantzi berriak janzten dizkizute eguna ospatzeko. Niri txikitan hemen egin zidaten. Ospakizun handia izaten da, arropa politak jantzi eta opariak ematen dizkizutelako” azaldu du.

Alik ere Ramadanaren amaierako egunak irribarre batekin gogoratzen ditu. Festa handia egiten omen dute. “Gure etxekoak normalean Azkoitikomeskitara joaten gara eguna jende gehiagorekin eta lagunekin ospatzeko” adierazi du.

Yasminen familian ere ospakizunik ez da falta Ramadanaren amaieran. Musulmanek egun horretarako espresuki arropa berriak erosten dituztela kontatzen digu, eta kalera irteten dira dituzten jantzi onenekin, dotore-dotore. Otoitz egin ostean, lagunekin edo familiarekin bildu eta otordu ederrak egiten dituzte. Aliren moduan, Yasminen etxekoek ere meskitara joateko ohitura izaten dute, baina horiek Zumaiara joaten dira. “Han otoitz egiten dugu eta jende pila batekin batzen gara. Baina marokoarrak eta pakistandarrak ez gara elkartzen meskitan, bakoitza bere erara doa” dio Yasminek.

Oraintxe egongo dira Ramadanaren atarian herriko musulmanak, zein arropa jantzi pentsatzen, azkeneko egun handi hori nolakoa izango den euren buruetan irudikatzen eta eguzkiaren argitan zopa goxoak jateko irrikan.

Gorputza eta arima purifikatuta, maitasunez, beste behin, euren enegarren esperientzia beraien jendearekin partekatzeko desiratzen egongo dira. Batzuk hemengoekin, urrun daudenekin edota ez daudenekin, emozionalki bada ere konektatzen dute. Hemen daudela sentituz, baina betiere emozio eta sentsazio positiboetan oinarrituta itxiko dute 2017ko Ramadanaren azken kapitulua. Horrela transmititu digute Yasminek eta Alik euren esperientzia, eta horrela iritsi zaigu barrenera.

Janire Diaz




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide