Albisteak

Rezola-Arroa Beheko hirigintza hitzarmen berria onartu du Udalak

Zestoako AB.R.L11 Rezola-Arroa Beheko hirigintza hitzarmen berria behin betiko onartu zuen pasa den ostegunean aho batez udalbatzak. Hitzarmen honen helburua, urteetan geldituta egon den Arroabeko eremu horri “ahalik eta denbora laburrenean” irtenbide bat ematea dela azaldu zuen Mikel Arregi Ertxin alkateak. Hitzarmenean, 79 etxebizitza eraikitzea eta enpresak aurrez Udalarekin zeukan zorraren erdia ordaintzea adostu dute.

Aurrekariak

2002. urtean Cementos Rezola enpresa zegoen eremuan 353 etxebizitzaz osatutako proiektu urbanistiko bat gauzatzea aurreikusten zela azaldu zuen alkateak. Etxebizitza horiek bost bizitegi eremutan banatzea aurreikusten zen; R1, R2, R3, R4, eta R5 bizitokiak. 2008an, proiektuaren egokitzapen bat egin zen baina azkenean, urte hartan hasitako krisi ekonomikoaren ondorioz, 353 etxebizitzetatik 66 bakarrik eraiki ziren, R1 bizitokiari zegozkionak.

Negoziaketa

Azken hilabeteetan Udala eta Altuna y Uria enpresa hitzarmena sinatzeko negoziaketa lanetan aritu dira. Bi aldeak adostasun batera iritsi dira eta R2 deituriko eremuan 79 etxebizitzaz osatutako bizitokia eraikitzea hitzartu dute dute. Etxebizitza kopuru hori handitzeko aukera eman zaio enpresari, gehienez adostutakoaren %20a gehiago baina beti ere, jatorrizko eraikigarritasuna aldatu gabe.

Nahiz eta eremu horretan eraikiko diren etxebizitzak libreak izan, Udalak prezioen inguruko baldintzak jarri ditu hitzarmenean. Etxebizitzen prezio estandarrari “koefiziente tasa bat aplikatu” eta “prezioak mugatuak” izatea adostu dute.

Auzoko sarrera irteeren gaia ere jorratu dute. Arregik azaldu zuen enpresak udalari “zama urbanistikoagatik” zor dion diruaren truke  auzoko sarrera irteera eraikitzeko aurreakordio bat lortu zutela baina azkenean enpresa atzera bota zela. “Arrazoi ezberdinengatik” konpromiso hori ez hartzea erabaki du enpresak baina udalarekin duen zorraren erdia ordaintzea adostu dute hitzarmenean, guztira, 110.000€. Etxebizitzak eraiki eta gero erabakiko du Udalak zorra ordaintzeko falta den diruarekin enpresak berak egingo duen sarrera irteerei dagokion lana edo beste enpresa bati lehiaketa publiko bidez esleituko zaion. Beste enpresa bati esleituz gero, Altuna y Uriari Udalarekin duen zorra ordainaraziko zaio.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide