Albisteak

Rodeo laukoteak ‘EZHERRIAN’ lana kaleratuko du ostegun honetan

RODEO taldeak EZHERRIAN diskoa kaleratuko du bihar, osteguna. Bandcamp eta Youtube plataformetan izango da EPa entzuteko aukera. Bandcamp-en erosteko aukera ere izango da. Ostiral honetan hasiko dira aurkezpen kontzertuekin. Azpeitiko Gaztetxean izango estreinaldia, iluntzeko 22:30ean hasita. Polybius eta Ezpalak taldeak ere igoko dira oholtza gainera.

Hemen duzue Oier Arregik abenduko danbolineko zenbakian egindako elkarrizketaren zati bat:

– 2020ko urtarrilean EZHERRIAN izeneko EP berria argitaratuko duzue.

Gure ustez, orain beste disko luze bat egiteak ez luke izango zentzu handirik. Disko luze bat egiteko ikaragarrizko lana egin behar da. Nahiz eta gure azkeneko disko luzearekin oso gustura gauden, urte beteko epean bi disko luze ateratzea baino nahiago izan dugu formatu motzeko disko bat egin.

Gainera, azken urte hau kontzertuak emateko urtea izan da eta horrek ere ez digu utzi denbora askorik sorkuntza lanetarako. Azkenean kontzertuetan eta horien prestaketan murgilduta ginela ideia batzuk izan ditugu eta ideia horiek bildu ditugu.

2020ko urtarrilean argitaratuko dugu lan berria eta laster hasiko gara EP berri horren aurkezpen bira egiten. Dudarik gabe abesti berriak zuzenean jotzea motibazio berri bat izango da guretzat. Dagoeneko hasi gara urte berriko kontzertuak lotzen eta gogotsu gaude lan berria aurkezteko.

– Zer berritasun ekarriko ditu disko berriak?

Abestiak orain arte egin dugunetik nahiko gertu daude, baina oraingo honetan soinu klasikoagoetara jo dugu. Eñaut Gaztañagarekin grabatu dugu eta disko berri honetan hasieratik soinu klasikoagoen bila joatea adostu dugu. Instrumentu guztiek ukitu ezberdina dute aurreko lanekin alderatuz gero, orokorrean rockero edo old school ukitua dute instrumentu guztiek. Oso pozik gaude EP berriari eman diogun ukitu rockero horrekin eta Dilmun diskotik hona berritasun handiena hori dela esan daiteke. Gaztañagarekin lan egin dugun hirugarren aldia da, nabari da taldea ezagutzen duela eta oraingo honetan ere lan borobila egin du.

– Oraingo honetan Bonberenea Ekintzak-en izenpean aterako duzue lana.

Orain arte argitaratu ditugun lan guztiak autoekoizpenak izan dira eta lehenengo aldia da horrelako eskaintza jasotzen dugula. Gure lehen bi diskoak kontzertuetan, diskoak eta kamisetak saltzen… ateratako diruarekin finantzatu izan ditugu, eta kasu honetan Bonberenea Ekintzak-en laguntza izango dugu. Tolosako Bonberenean pare bat aldiz jotzeko aukera izan dugu, gure musika gustatu zaie eta laguntza hori eskaini digute. Gainera, Bonbereneari esker, ohiko CD formatuaz gain binilo formatuan ere aterako dugu gure EP berria.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko egin klik hemen.

Oier Arregi

Datozen kontzertuetako datak:

01/25: Azkoitiko Elkargunean

01/31: Oñatiko Gaztetxean

02/14: Legorretako antzokian

02/28 Hondarribiako Psilocyben

02/29: Gasteizko Gaztetxean

04/04: Tolosako Bonberenean




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide