Wadna elkarteak bat egin zuen Sahara Euskadi mugimenduak iganderako antolatutako deialdiekin. Ehunka lagun bildu ziren atzo Donostian, Gasteizen eta Bilbon “Erreferenduma orain, Sahara Libre” lelopean. Zestoarrak Donostian izan ziren.
Sahara Euskadi mugimenduko kideek azaldu dute, nazioarteko zuzenbidea argia dela Sahararren egoerari dagokionez: “Marokok ez du inolako subiranotasunik lurraldearen gainean eta autodeterminazio erreferenduma egin behar da duela 45 urtetik etendako deskolonizazio prozesu bati amaiera emateko”.
Limam Mohamed saharar ordezkariak hedabideei azaldu dienez, “29 urte daramatzate erreferenduma egiteko zain”, eta euskal gizarteak jasotako “elkartasuna” azpimarratu du; izan ere, “Beti babestu izan du pitzadurarik gabe saharar herriaren kausa” eta “babestuta” sentitzen dira.