Albisteak
Saharako kanpamenduetara bidean dira WADNA elkarteak bildutako elikagaiak
— 2019-02-15Urtero legez, duela aste batzuk, Saharara bidaltzeko janari bilketa egin zuen Zestoako WADNA elkarteak. Elikagai hauek, Piztu Itxaropena izeneko 15. Euskal Karabanan iritsiko dira Saharara. Zestoan, 1.800 kilo inguru jaso dituzte baina herri guztietako bilketak batuta, guztira, 4.000 kilo elikagai bidaliko dituzte.
Aljeriako Tifundeko kanpamenduetan bizi diren Saharar errefuxiatuei laguntzeko asmoz jarri zuten martxan Piztu Itxaropena karabana. Egitasmoaren helburua, Saharar Herriari elikagaiak helaraztea da Saharar populazioak jasaten duen elikadura-krisi larria, ahal den neurrian, arintzeko.
WADNA elkarteak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten pertsona eta elkarte guztiei: Aizarnako, Arroabeko, Zestoako eta Azkoitiko Xabier Munibe ikastetxeei, Azkoitko Eroskiri , Zumaiako Darahli elkarteari eta Getariako eta Zestoako herritarrei.
Oporrak bakean kanpaina
Martxan da aurtengo Oporrak Bakean kanpaina ere. Kanpaina honen helburua haur sahararrek uda Euskal Herrian pasatzea da eta horretarako harrera familia bila dabiltza. WADNA elkarteko kideek azaldu dute kanpamenduetatik datozen haurrak gero eta zaharragoak direla. “Lehen 7 edo 8 urterekin etortzen ziren eta 4 uda pasatzen zituzten gure artean. Orain, hainbeste haur daudenez, hona etortzeko adina handiagoa da eta bi uda besterik ez dituzte pasatzen” azaldu dute. Gainera, proiektua diruz laguntzeko asmoz, Oporrak Bakean poltsak jarri dituzte salgai. Potxolo dendan eskura daitezke, 7 eurotan.
Kanpainari buruzko informazio gehiago hemen.
Egin zaitez bazkide