San Juantxo ermitaren berrikuntza.

San Juantxo deitzen diogu Aizarnako  iparraldean kokatuta dagoen ermitari, eta  beste ermitei ez bezala, honi txikigarriz deitu izan diogu. Zergatiaren azterketa txiki bat egin eta nik  iritzi bat daukat. Erretaulako margo batek Santua haurtzaroan irudikatzen du bildotsarekin.  Hau izango da seguruenik txikigarriz deitzeko arrazoia.

Garai batean bailarako   baserriak, debozio handiz ospatzen  zuten egun hau; goizean meza eta arratsaldean erromeria, taberna eta guzti jakina. Edari berogarri bat neskekin dantzan hasterako ondo etortzen baitzen, eta  egin ondoren freskagarria zer esanik ez.

Lan eguna izaten zen, baina    bailarako gehienek jai egiten zuten egun honetan. Aste eguna izanik ilunabarrean izaten zen erromeria, jendea lanetik irten eta gero alegia. Hala ere nahiko jende hurbiltzen zen bertara, erromeri egunak gutxi baitziren urtean zehar.

Nik ezagutu nuen  garaian, arto landare bat kokatzen zuten  erretaulan Bernardino Iruretaren margo ondoan. Urte garai honetan  ugaria zen landare hau soroetan eta zaindariari eskaintzen zioten   soroetakoak kalterik izan ez dezaten.

Garai batean meza eta erromeria, baina gaur egun   egoera tamalgarrian dago ermita. Horregatik bailarako biztanleek dei bat egin dute  berau konpontzeko. Badirudi erantzun egokia izan duela deiak, eta inguruko biztanleak elkartu ondoren ari dira ermitaren itxura egokitzen.

Baliteke batzuentzat   debozioa izatea arrazoi nagusia,  baina deboziotik kanpoko arrazoiek ere badute bere pisua. Arbasoek   bailaran eraikitako ermita erortzen uzteak, xarma bereziarekin ezagutu duten historiaren zati bat erortzen uztea bezala izango litzateke.

Elizak dituen ondareak zaintzea berari dagokio, baina erakunde honek zaindu zain ezin dugu egon, bestela herriko ondare asko lur jota ikusiko ditugu. Orain elizatik kanpoko erakundeak ondare hauek zaintzen laguntzen badute,  jabegoan aldaketak izatea ere egokia litzateke, nahiz eta egun legediak ez duen laguntzen horretan.

Dena dela, herriko ondareak zaintzeak denentzako onura ekartzen du. Legediaren  aldaketaren zain ezin dugu egon, baina hau ere etorriko dela uste dut. Bitartean herritarren onurako  ondare hauek zaintzea egokia delakoan nago.

Ermita honek garai batean, lehen aipatu dugun  Bernardino Iruretak oparitutako margo lan bat zuen erretaulan. Egoera tamalgarrian zegoen eta errekuperatu ondoren, egun    parrokian kokatuta dago. Behar bada ermitan izango du bere lekua, baina nire ustez kopia bat kokatzea litzateke egokiena, ez baitut segurtasunik ikusten mendian kokatuta dagoen ermita honetan. 

Behean argitaratzen ditut argazki bat edo beste orain duen itxura berria ikusteko. Baina nire aholkua bisita bat egitea da bertara,  ermita honen berrikuntzak bertatik ezagutu ahal izateko.

 

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide