Santa Engraziako erlojua eta Yeregi Elkartea

 

 

 

Ez ditugu ahaztu behar eta baztertu gutxiago  Aizarnan ditugun bi erloju zaharrak, bata dorrean daukaguna eta bestea xarma besterik ez duen ermitakoa. Berauek dituzten data agiriek Yeregitarrak egindakoak direla  esaten dute.

Santa Engraziakoa Yeregi Elkarteak  bultzatuta ari gara indarberritzen. Lasaon, Zestoan eta Aizarnan erakustaldi labur bat egin ondoren berehala izango da lehen zegoen txokoan.  Aspaldian geldirik egon ondoren laster hasiko da  bailarara kanpai hotsak zabaltzen. Ermitara doan bisitariak berriz ere  erlojuak sortzen  duen  tik-tak tik-tak doinu gozoarekin erlaxatzeko aukera izango du. Dorrean daukagunak aldiz  itxaron egin  beharko du bere txanda iritsi arte.

Erloju hauei begira  badira   bi edo hiru artikulu www.aizarna.com webgunean, baina idatzi honetan  Yeregi elkartea egiten ari den lanaren garrantzia azpimarratzea  dut   helburu. Elkarte honexek eman baititu  pausoak, hain zuzen,  inguru  honetan baztertuta dauden  erloju zaharrak berreskuratzeko.

Hasteko esan behar mekanika  zahardun tresna hauek  xarma handia dutela erloju zaleen artean. Gainera mekanika  sektorean  lan egin dugunontzat  zer esanik ez. Gaur egun baztertu ezin diren ondare  bihurtu direnez,  elkarte hau egiten ari den lana goraipatzekoa da.

Ondare hauen   lagunak herri bakoitzean elkartu, dena dokumentatu, berauen sekretuak zabaldu zaleei eta  martxan jartzea  du helburuetako bat, garrantzi handiko lana niretzako. Emaitza hau  lortzen den tokietan bizirik iraungo dute tresna hauek eta seguru hurrengo belaunaldiak eskertuko digutela, guk orain arte bizirik irauteko lan egin dutenei eskertzen diegun bezala.

Konponketak auzo lanean egiten dira gehien bat eta  ezinbestekoa da udaletxe eta instituzioen laguntza horretarako. Sortzen diren gastuei aurre egiteko premiazkoa alegia. Muxu truk egiten ari den lan hau  gutxiestea  ez zait bidezkoa iruditzen, behar duen laguntza izatea espero dut beraz.

Yeregi (www.yergi)  elkarteak jarrita dauzka lehen oinarriak horretarako: bata Zumaian dago ikusgai eta  bestea Loiolako Santutegian. Hurrengoa Santa Engraziakoa izango da eta batek daki aurrera begira zenbat etorriko diren. Egia esan, niretzat proiektu honek etorkizun handia izango du eta garrantzitsua gainera erloju zahar hauek dituzten auzo eta herrientzat.

Nik urte asko pasa ditut mekanika sektorean, horregatik tresna  zahar hauei begira txundituta  gelditzen naizela onartu beharra daukat. Behin baino gehiagotan  pentsatu ere bai: nola liteke tresna hauek dorreko gela bazterretan herdoilak jaten utzi? Seguru garrantzi txikiago duten zenbait gauzetan diru gehiago gastatu dutela instituzioek.

Dena dela proiektuaren enbrioia ari da sendotzen eta bizitzen hasten denean lan bikainak egingo dituelakoan nago eta eskatzen hasi eta bizitza luzea izan dezala eskatu behar, lan asko bai dauka  egiteko.

Amaitzeko esan behar Santa Engraziako erloju honen historia eta Yeregitarrena  orain dela urte batzuk Aranburu landetxean azaldu zituen   Xabier Yeregik, orain urte batzuk geroago martxan  dira erlojuaren konponketak eta seguru nago lanak  amaitzean beste ikuspegi batekin begiratuko diogula erloju zahar honi, mendi tontorrean dagoen ermita horretan.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide