Santa Engraziako erlojua gaztetxoen talaiatik
— 2017-03-27Martxoaren 18tik 26ra bitartean, Santa Engraziako erlojua Kultur Etxean egon da, lasai ederrean, tarteka, barne-taupadak azaleratuz. Horrela, herritarrek aukera izan dute auzotarren eskariz Zumaiako Yereguitarrek 507ko altueran kokatu zuten ehun urteko makina zaharrari begira egon eta erraiak ikusteko.
Bide batez, Santa Engraziako ermitaren eta zaharberritze lanen berri ere jaso dute herritarrek. Zaharrak eta gaztetxoak, helduak eta gazteak, ikasleak eta langileak, denetik ibili da erlojuaren bueltan. Eskertzekoa da herritarrek erlojuaz erakutsi duten interesa.
Horren guztiaren lekuko da hemen daukagun bideoa. Zestoa Herri Ikastetxeko lau talde izan ziren erlojua bertatik bertara ezagutzen. Eskolako gaztetxo batzuk bideo polit bat paratu dute elkarlanean, eskolako lan gisa. Horrela, Kultur Etxera egin zuten bisitaldiaren lekukotza iltzatuta utzi digute. Mila esker gaztetxo horiei.
Erlojua, berriro, Lasaoko lantegira itzuliko da. Han burdinazko pisuak jasotzeko eta erlojuak zuzen funtzionatzeko kaxa elektriko/elektronikoa itsatsiko zaio. Aste batzuetan probak egin eta, azkenik, bere tokira itzuliko da erloju zaharra: Santa Engraziako ermitara.
Egin zaitez bazkide