Albisteak

Santa Engraziako erlojuaren zaharberritzea ospatuko da igandean

Datorren igandean, uztailaren 2an, Santa Engraziako erlojua auzolanean zaharberritzea ospatzeko ekitaldia izango da Santa Engraziako ermitan. Horrela, irailetik gaur arte iraun duen zaharberritze prozesu baten amaiera ospatuko da. Proiektuan parte hartu dutenek “inguruko herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu amaierako ospakizun xumera” adierazi dute. Ermita atarian, erlojua zaharberritzearekin batera Santa Engrazian egin diren beste hainbat lanen berri ere emango dute.

Honako hau da iganderako prestatu duten egitaraua:

  • 10:30. Jendeari ongi etorria txalaparta, txistulari eta trikitilariekin.
  • 11:00. Meza, Aizarnako koruarekin.
  • Ondoren, zaharberritzearen sustatzaileen hitzak: Xabier Alvarez Yeregui, koordinatzailea. Zestoako alkatea. Elizaren ordezkaria.
  • Aurreskua
  • Erlojua bistaratzea eta martxan jartzea
  • Bertsolaria
  • Txistulariak
  • Amaitzeko, mokadutxoa, txalaparta, txistulari, trikitilari eta dantzariekin alaituta.

Agiro Mendi Klubak Santa Engraziako ekitaldira joateko irteera antolatu du

Duela gutxi ibilaldi neurtua antolatu badute ere, Agiro Mendi Klubeko kideak ez daude geldirik, eta iganderako irteera antolatu dute Santa Engraziara. Zestoako gurutzetik irtengo dira goizeko 9:00etan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide