Albisteak
Santa eskea egindo dute asteburuan auzoetan zein herrigunean
— 2024-01-30Datorren asteburuan Santa Ageda bezpera ospatuko dute Zestoako herrigune zein auzoetan. Baserritar jantziak soinean, eta makilak eskuan dituztela kantuan alaituko dute herria alderik alde.
Aizarnan, ostiralean eta larunbatean egingo dute Santa eskea
Ostiralean eskola garaian eta larunbatean guraso elkarteak antolatuta egingo dute Santa eskea Aizarnan.
Lasaon, larunbatean otsailaren 3an egingo dute ospakizuna
Goizeko 09:00etan hasita, Lasaotarrak Santa eskean aterako dira etxez-etxe koplak kantatzen auzotarrekin batera, Mantxi eta Albizu bertsolariak izango dira. Kantuari laguntzeko trikitilariak ere izango dituzte, Iraitz eta Unai. Eguerdian elkarrekin bazkaldu eta 16:00etan berriro abiatuko dira kantuan iluntzeko 21:00etan afaldu arte.
Arroabean ere, larunbata 3an, aterako dira auzoa alaitzera
Arroabearrekin batera Eneritz Artetxe eta Eli Pagola bertsolariak izango dira. Goizeko 09:00etan auzoko plazatik atera eta inguruko etxe eta baserrietara gerturatuko dira bazkalorduko astsedena arte. Arratsaldean, Arroaerrekako baserrietara joango dira eguna Arroabeara itzuliz amaituta.
Herrigunean Santa Ageda bezpera, otsailak 4, egunean bertan egingo dute
08:30ean Zestoako Santa eske taldea Gurutzetik aterako da. Bi taldetan banatuko dira, batzuk Legoiaga eta Ondarbaso bailara egingo dute, eta besteak, Akoa eta egoitzak. Eguerdian, bi taldeak elkarrekin, kale eta tabernetan zehar ibiliko dira. Hauekin batera, Aitor Salegi, Gorka Olaizola, Danel Olano eta Unai Sarasua bertsolariak ibiliko dira.
Egin zaitez bazkide