Albisteak

Sei positibo gehiago zenbatu dituzte Zestoan

Positiboen kopuruak gora egiten jarraitzen du herrian. Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo sei kasu gehiago  atzeman zituzten Zestoan. Azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatuen tasak 1.000 kasuko langa pasa zuen astelehenean eta atzo, 1155,62 kasura iritsi zen.

Eskualdean 34 kasu zenbatu ditu Osakidetzak. Orion atzeman dituzte gehienak, hamabost hain zuzen ere. Azken egunetako daturik txarrena da Oriokoa. Azpeitian bi kasu zenbatu dituzte, aste honetako zifrarik baxuena. Zumaian kasu metatuen kopuruak 500dik gorakoa izaten jarraitzen du eta lau kasu gehiago zenbatu zituzten han. Hiru herri horietan eremu gorrian jarraitzen dute eta Zestoan bezala, bertako ostalaritza guneak itxita daude. Aian ere eremu berean daude, positibo bat gehiagorekin.

Egoera hobea dute Azkoitian, Zarautzen, Beizaman, Errezilen eta Getarian. Hiruna kasu zenbatu dituzte Azkoitian eta Zarautzen. Beizaman, Errezilen eta Getarian, berriz, ez dute positiborik atzeman.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide