Albisteak

HERRITAR TALDE BATEK “BERTAKO SOZIOEKONOMIA BULTZATZEKO” BILERA DEIALDIA EGIN DU

Herritar talde batek bilera zabal baten deialdia luzatu du. Bertako sozioekoekonomia ardatz hartuz talde bat osatzeko asmoa azaldu dute. Bilera bihar, urriak 27, izango da, 19:30ean Kultur Etxean. Hemen duzue deialdiaren oharra:

“Zazpi bat urte badira krisi deitu zioten zulora bota gintuztela. Gutxi batzuen onerako gehiengoak pairatuko genituen eskubide sozialen urraketen lehen haziak erein zituzten 2008 hartan. Eta orduz geroztik ikusi dugu gure ahizpa atzerrira lan bila joaten, gure bizilaguna hil bukaerara iritsi ezin eta laguntza sozialetara jotzen, gure laguna kontraturik gabe beltzean tabernari lanetan jarduten, tartean gure gurasoak izanik ehunka lagun kalean utziz enpresak ateak isten…
Baina krisi hau ekonomikoa baino zerbait gehiago da. Krisi hau sistemikoa da. Jendarte krisi baten aurrean gaude, krisi ekologiko baten aurrean, krisi ideologiko baten aurrean, finantza krisi baten aurrean bezala krisi energetiko baten aurrean.
Azken hamarkadatan borrokatu eta irabazitako eskubide guztiak lapurtzen ari zaizkigun honetan, ordea, badaukagu zer egiterik. Konpromisoak hartzen hasteko garaia da. Zestoa justuago bat posible dela sinesten dugu, eta hori eraikitzera goaz; denon artean, elkartasunean oinarrituz. Hemen lan eta bizi nahi dugulako. Txikitik, guretik, etxetik hasita eta ekinda lortuko dugu handian eragitea.
Herriko egoera sozioekonomikoaz arduratutako herritar talde batek urriaren 27, asteartea, arratsaldeko 19:30ean Kultur Etxean egingo den bilera irekira gonbidatzen zaitu.
Herri justuago baten bidean ikusiko dugu elkar!”

IMG-20151024-WA0002




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide