Paperekoa

SOZIOEKONOMIA: HITZ POTOLOA HERRITIK LANDUTA

Badira bizpahiru hilabete herritar taldetxo bat biltzen hasia dela Zestoako egoera sozioekonomikoaz arduratuta. Bizpahiru hilabete baino gehixeago dira, ordea, sistema oso baten erorketan zulo beltzean erori ginenetik; sei zazpi bat urte izango dira honezkero. Eta besterik esaten duenik baldin badago ere, gauzak “onera” bueltatzen ari diren zantzurik ez da ageri.

Kalean dago jendea. Kalean ikusten dira gazteak bezala erretiroa hartzear diren helduak ere. Europak piztutako gerretatik eta miseriatik ihesi datozen milaka pertsonek gure herrietara iristen jarraitzen dute bizitza hobe baten esperantzan, baina mailakatutako gizarte honetan azken koskan soilik dute lekurik. Enpresak beren aktibitate ekonomikoa gelditu eta ateak ixten ezagutu ditugu. Beroaldi ekonomikoarekin batera poltsikoak ere ederki berotu ditu zenbaitek gure lurren eta ingurumenaren kontura. Zahartzen ari den jendarte honek ez du zaintzarako irtenbide kolektiborik eskaintzen. Eta ahaztu gabe oraindik ere herri honetako biztanleriaren erdia bestearen azpitik bizi dela; beste edozein aldagairi gizartearen erdiari gehitu beharko zaion faktorea.

Zerrendak luze jarrai dezake, baina guztiok ulertzen dugu zertaz ari garen eta zertaz ari den herritar taldea: justizia sozialaren gaia agendako lehentasunezko puntuetan sartzeaz, lanpostu duinez, herrian lan eta bizi ahal izateko eskubideaz… Eta hori guztia eta gehiago lantzen hasteko asmoz sortu da Astindu taldea; herritik lantzeko asmoz. Zestoaren eta zestoarron interes eta beharretara egokitu nahi duen taldea da, sinetsita aldaketa herri mugimendutik eta behetik iritsiko dela iritsiko bada. Globalean pentsatu eta lokalean ekin.

Martxa hartzen ari den taldea da oraindik Astindu. Lehen bilera urrian egin zen, eta gaur egituratzen eta definitzen ari dira taldearen pausoak, norabidea eta lehen jo-puntuak. Hamar-hamabost pertsona gerturatu dira lehen bileretara, baina guztiak irekiak dira. Geroz eta mugimendu zabalagoa izateko asmoa dago herritar gehiagorengana iritsi eta ahalik eta esparru gehien landu ahal izateko.

Lehen bi zitak prestatzen

Leundu beharreko ertz asko geratzen bazaizkie ere oraindik, lehen bi ekitaldiak prestatzen ari dira. Ziklo moduan ikusarazi nahi dira, egun ezberdinetan badira ere elkarri lotuta. Batetik, urtarrilaren 14rako herritarrek osatutako mahai-inguru bat ari dira antolatzen, Zestoako egoera sozialaz herriak hitz egin eta eztabaidatu dezan; gu eta gure ingurua nola ikusten ditugun, egiteko zer dagoen identifikatu edo herriari zein norabide eman nahi zaion. Eta horri lotuta, bigarren saioa otsailaren 18rako aurreikusten duten ‘Gure Kabuz ala Hil’ Euskal Herriko alternatiba sozioekonomikoen inguruan Topatuk eta Ernaik egindako dokumentalaren emanaldia izango da. Emanaldiaren ostean egileekin solasaldia egingo dute.

Zestoan eragin-puntuak identifikatu eta gaia lantzen hasteko abiapuntutzat hartu dituzte lehen bi ekitaldi hauek.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide