Paperekoa

Tabernako hontzak eta garajeko garagardoak

Herrian bada bildumak egitea gogoko duen jendea. Herriko bilduma ezagunena Txoko tabernako hontzena izango da ziurrenik baina bada bestelako elementuen bilduma egiten duenik ere. Horien berri izateko asmotan egon gara Felix Azpeitiarekin eta Luix Azkuerekin.

Batek hontzen bilduma egiten du tabernan, urteak daramatza horretan eta dagoeneko Txoko tabernako elementu ohikoak dira. Bertako dekorazioaren parte dira, tabernari berezitasuna ematen dioten elementuak, hain zuzen ere. Ohitu gara eta tabernara sartzean dagoeneko ez dute gure arreta deitzen. Felixek, berriz, mundu osoko garagardoak biltzen ditu etxeko garajean. Hona hemen bilduma bakoitzaren nondik norakoak.

Felix Azpeitia, garagardoen bilduma

Felix Azpeitia 1998an hasi zen bilduma egiten. Lagun bat kamioiarekin ibiltzen zen lanean eta hura hasi zitzaion garagardoak ekartzen. Pixkanaka oporretara joaten ziren lagunek eta ezagunek garagardo ezberdinak ekartzen zizkioten, eta horrela lortu du bilduma berezi hau. “Nik beti esaten diet bi ekartzeko, horrela, bat bion artean edaten dugu eta bestea bildumarako gordetzen dut”, adierazi du Azpeitiak.

Guztira 250 garagardo botila inguru ditu garajean txukun-txukun jarrita. Baina apaletan guztientzat lekurik ez eta batzuk beste toki batean gordetzen hasi behar izan zuen. Dena den, adierazi digunez, laster garajean bertan beste apal bat jarriko du botila guztiak batera edukitzeko.

Mundu guztiko garagardoak dituela esan digu Azpeitiak: “Egipto, Tunisia, Tahiti, Costa Rica, Nepal, Ekuador, Txina, Argentina, Italia, Vietnam, Filipinak, Australia, Jamaika, Venezuela… lagun eta ezagunen bidaietakoak dira ia denak”.

Guztiak, ordea, ez dira atzerritik ekarritakoak, etxetik gertu ekoitzitakoak ere baditu, Akerbeltz iparraldeko garagardoa kasu.

Hogei botila inguru ezik gainontzeko guztiak beteta daudela azaldu digu Azpeitiak. Hutsik dauden batzuk Tunisiakoak eta Egiptokoak dira, han alkohola debekatuta dago eta badaezpada hutsik ekarri zizkioten.

Zeelanda Berritik ekarritako garagardo bat ere badu bilduman Azpeitiak, baina botila ez dago goraino beteta. Itxita dagoen arren erdia baino gutxiago geratzen zaio barruan, antza denez hegazkineko presioarekin falta dena galdu egin zen.

Luix Azkue, hontzen bilduma

luis-ta-hontzak

Luix Azkue Txoko tabernako nagusia da, eta urteak daramatza tabernan hontzen bilduma egiten. 21 urte, hain zuzen ere. “Taberna berritzeko lanak egin ostean, bezero batek lehenengo hontza oparitu zidan. Bertan jarri nuen apaingarri gisa, eta pixkanaka-pixkanaka bilduma hau osatu dugu”, adierazi dio Danbolini Azkuek.

Guztira 240 hontz inguru ditu, eta mundu osotik ekarritakoak direla azpimarratu du. “Bezeroak, lagunak… oporretara joan, gurekin gogoratu eta hontzak ekartzen hasi ziren. Horrela gaur ditugun hontz hauek denak izan arte! Opari batekin hasi zena, bilduma bilakatu da”, adierazi du Azkuek.

Vietnam, Idaho, Grezia, Austria, Italia, Mexiko, Costa Rica… gisako tokietatik ekarritakoak dira hontzak. Guztien artean bereziak asko direla aipatu du baina guztien artan bat nabarmendu nahi izan du Txoko tabernako nagusiak: hontz zuri bat, estalaktita batean tailatutako hontza. Costa Ricatik ekarritakoa dela nabarmendu du: “Toño Alonsok ekarritakoa da hontz hori! Oso berezia da.”

Txukun-txukun jarrita dituzte botilen eta edalontzien apalen gainean 240 hontzak. Tarteka garbitu behar izaten direla-eta denak hartu eta ontzi-garbigailuaren otarrean jarrita makinan sartzen dituztela adierazi digu.

Naiara Exposito Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide