Trapuak

Behin, Erri de Luca napolitar idazleak esan zuena neurera ekarriz, euskal hizkuntza (hark italiera zioen) nire aberria da, baina ez daukat ia batere sentimendu aberkoirik nire herriarekiko. Ereserkia entzuten bada ez zait pultsua bizkortzen, eta banderarekin ere ez. De Lucak dio “bandera inorena ez den trapua dela, blai egiten jarritako zapi bakarra, euria ari duenean, eta emakumeen eskuak garbitutako arropak babestera joaten direnean” (L’ospite incallito / Apopilo porrokatua).

Badira, ordea, bandera zale fanatiko-nostalgikoak 80 urte atzera egitea gustura nahiko luketenak. 1936ko irailaren 21ean, erreketeak Akoa aldetik behera iritsi eta Zestoaren jabe egin zirenean, asko ugaritu ziren zapelatzak herrian. Ez, ordea, hegaldi miresgarria duten hegazti haiek, baizik-eta eguzkia ezkutatzen ez zen Inperio hura irudikatzen zuten avechuchoak (RAEren hiztegian, “Ave de figura desagradable”, edo “Sujeto despreciable por su figura o costumbres”). Egun hartatik aurrera, bi koloreko bandera (oraindik irakurleren bat konturatu ez bada, Espainiako banderaz ari gara) kale eta erakunde guztietan, nonahi, ikus zitekeen. Derrigorrezkoa zen gainera, egun seinalatuetan, etxeetako balkoi eta leihoak bandera nazionalarekin “dotoretzea”.

Franco “xaharra” hil zen, hori bai, ohean, inolako epaiketarik jasan beharrik gabe (Jainkoaren epaiketa, esango lukete sinestunek, baina ur handiegiak dira gu orain, hemen, bainu-jantzirik gabe sartzeko, eta utzi egingo diogu). Esaten nuen, Franco hil zela baina ondorengoek ere bide beretik jarraitu zuten; eta hala agindu zuten legez 1981ean: Espainiako banderak udaletxe kanpoan egon behar duela zintzilikaturik, eta eraikinaren barruan, lekurik garrantzitsuenean.

Eta hor ibili gara Zestoan, urteak joan urteak etorri, eta iritsi da unea; 40 bat urtean ikusi ez dugun irudia ikusiko dugu laster udaletxeko balkoian: Espainiako bandera, inposaketaren sinbolo, firin-faran…

2010ean Gipuzkoako Foru Aldundia behartu zutenekoa eta orduan sarreran plaka edo adierazpen instituzionala jarri zutenekoa etorri zait burura. Merezi du hemen osorik jartzea. Egilea Jon Sarasua bertsolaria izan zen:

Herri bat herri da, iragan eta etorkizun, osatzen duten pertsona gehienek hala sentitzen dutenean. Ikur bat ikur da: logo, oihal zati, margo. Gertatu ohi da ikurra herri baten ametsaren sinbolo izatea. Orduan baliagarri da, gutasunaren sentipen txikien piztaile delako, ez gehiago. Gerta liteke ikurra herriaren ametsaren sinbolo ez izatea. Indarraren legez eta legearen indarrez ezarria izatea. Orduan ere baliagarri izan liteke, inposaketaren sinbolo bihurtzen baita, bizilegezko gabezien gogoratzaile. Bandera espainiarra zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da Gipuzkoako [guk erantsi dezakegu, Zestoako] erakunde nagusian. Gipuzkoar [zestoar] gehienon nahiaren aurka eta beren ordezkarien erabakimenaren kontra jarria dago. Herritarren borondatearekiko errespetu falta da, askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena. Horra bada bandera, egoeraren ikur, jarri duenak berak jarri nahi ez duen oihal. Haizeak ironiaz darabil.”

Espainiako bandera ez jartzea legea urratzea omen. Egingo nuke apustu Francoren garaitik gordeta dauzkagun banderak (Konstituzio aurrekoak) zapelatz eta guzti jarriko bagenitu, ezetz salaketarik jarri epaitegiek edota espainiar agintariek! Jose Artetxe idazleak esango zukeen bezala Au da ba gerrie, au da ba gerrie! Tira, bakea urrutiko aldean!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide