Albisteak

[TTAK!] Amalia, Anttoni eta Antoñita

Amalia Rodrigues

Jon Artanok Urola Kostako Hitzan idatzitako iritzi artikulua:

“Erabakita dut: nik ez dut gehiago bidaiarik egingo. Turismoa mundu mailako sarraski kultural bat da. Baita ekonomikoa ere. Dena suntsitzen du”. Mundua pixka bat korritutakoa da laguna. Ameriketako puntan ere bizi izan zen bolada batez. Nabarmen samarra egin zait gero eta indar handiagoa hartuko duela pentsamolde horrek: plazeragatik bidaiatzeari uko egiteak. Baina lehenengo aldia da norbaitek hain modu kategorikoan esan didana. Gainera bidaiak eta turismoa gauza bat eta bera balira bezala hitz egin dit. Pentsakor utzi nau. Nire lagun horrek izango ditu herrenak, baina printzipioak hasieran jarriz egin ohi ditu bizitzako hautuak, eta bere asmoa irmoa dela iruditu zait. Azkenengo bidaia egina izango luke, beraz…

Bere lehen bidaiaz, gogoz kontrako bidaia batez, aritu zait biharamunean familiako lagun bat, autoan elkarrekin gindoazela. «Oso umea nintzen, bost urte neuzkan, baina gauza asko akordatzen zaizkit; eta oso garbi gainera». Eta kontatu dit nola automobilean sartu zuten, eta iltzatuta geratu zitzaion despedidakoa: amama Zestoako etxe atarian eskuarekin agur-agur eginaz, nola ikusi zuen automobileko leihotik. 1936ko abuztua edo iraila zen eta ihesi joan ziren. “Bilbora iristean, zinema areto handi batean sartu gintuzten, gu bezala ailegatutako beste jende mordo batekin…”. Zinema areto batean? -nik-, eta “Bai. Eta gauean pelikula bat proiektatu ziguten: Frankenstein! Ene! Zenbat amesgaizto izan nituen gerora pelikula haren erruz!”.

Amesgaiztoak Boris Karloff-en erruz gauez eta egunez ere larri: “Bonbardaketak ezagutu genituen han. Denak saltaka herioan, ni amaren gonari helduta. Sirena hots hura ere ez zait ahaztu”. Eta bere odiseako kontuak esaten segitu du. Adibidez nola hiru ontzitxotan itsasoratu ziren iheslari talde bat. Ama eta arrebarekin erdiko ontzian zihoan bera, eta azaldu dit bere begiekin ikusi zuela aurreko ontzia lehenik, eta atzekoa gero, nola bonbaz jo eta hondoratu zituzten…

Drama eta espanturik gabe xehatu ditu bere bizipenak. Alabaina hotzikara eragiten duen kontakizuna da. Pentsatu dut gaur egun ere makina batek egiten dituela tipo horretako bidaiak gurera iritsi nahian, baina horrek ez didala hain erraz eragiten hotzikararik.

Jarraitu irakurtzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide