Albisteak

[TTAK] Nola utzi bizkarra emateari

Onintza Iruretak Argiarako idatzitako artikulu bat duzue ondorengoa. Irureta, Argiako kazetari izatez gain Zestoako Euskara Foroko kide ere bada. Zestoan bertan koka ditzakegu testuan zehar aipatzen diren egoerak. Gogoetarako oso egokiak:

“ONGI ETORRI ESKOLARA” PROGRAMA

 

‘Familia laguna’ egitasmoko gurasoak eta haurrak ekitaldi berezi bat egin zuten egunean. Argazkia: ‘Ongi etorri eskolara’ programa.

Dorleta Mikeok esango digu elkarrekin baina nahastu gabe bizi garela, ez dagoela bizikidetzarik bertakoen eta beste jatorri batzuetatik etorritako familien artean. Mikeo eta Lola Boluda Donostiako Egia auzoan, Aitor ikastolako jolastokian, abiaburua izan zuen egitasmoa garatzen ari dira gaur egun: Ongi etorri eskolara, kulturartekotasuna ardatz duen programa.

Arratsaldeko lau eta erdiak dira eta gurasoak haien haurrekin ikastetxeko jolastokian gelditu dira eskolak bukatu ondoren. Guraso euskaldunak euskaldunekin daude; Hego eta Erdialdeko Amerikakoek beste talde bat osatu dute; Asiatik etorritako familiak, mongoliarrak, indiarrak, txinatarrak… desagertu dira. Ez da irudi arrotza, makina bat ikastetxetako eta jolas parkeetako egunerokoa da. Donostiako Egia auzoan Aitor ikastola dago eta kontatu berri duguna gertatzen ari zitzaiela konturatu ziren han. Beste jatorri batzuetako familiak geroz eta gehiago ari ziren eskolan matrikulatzen eta harremanak deskribatutakoak bezalakoak ziren. Zerbait egiteko beharra sentitu zuten eta kulturaniztasuna landuko zuen batzordea sortu zuten gurasoek. 2014-2015 ikasturte hartan Familia laguna programa (ikus 36. orrialdean) jarri zuten abian. Dorleta Mikeo eta Lola Boluda gurasoak izan ziren bete-betean programa garatzen hasi zirenak, konturatu ziren arte modu boluntarioan aritzeko denbora asko eskatzen zuela.

Donostiako Udalari programa aurkeztu zioten, dirulaguntzaren bat lortzeko asmotan. Proposamena oso interesgarria iruditu zitzaion eta Mikeo eta Boludarekin harremanetan jarri zen.  Gurasoentzako programa izan behar zuena, hezkuntza komunitate osoak lantzekoa bihurtu zen 2016an (Ongi etorri eskolara) eta Udalak diruz babestuta Donostiako hainbat ikastetxetan abian jarri zen. Mikeok eta Boludak Elkarrekin kooperatiba sortu zuten hartutako bide berriari ekiteko. Ondoren, Donostiako hainbat ikastetxetan hasitako bidea beste hainbat udalerritara zabaldu da, Zarautzera, Ordizira eta Andoainera.

Artikulua osorik irakutzeko sakatu hemen

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide