Albisteak

[TTAK!] Denen bihotzean daude oraindik

Hogei urte bete dira gaur Pumori mendian gertatutako istripu larrian Euskal Herriko bost alpinista hil zirela. Urteurrenaren harira, erreportajea eta bideoa osatu ditu Berriak:

“Hogei urte bete dira gaur Pumori mendian bost alpinista euskaldun hil zirela zorigaiztoko istripu batean. Hamar alpinistak osatzen zuten espedizioa, baina bost bakarrik itzuli ziren Euskal Herrira. Euskal mendizaletasunak inoiz jasandako istripurik gogorrena izan zen hura. Betirako Pumoriren magalean gelditu ziren Javi Arkauz, Aritz Artieda eta Cesar Nieto nafarrak, eta Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza gipuzkoarrak.

Hitzartutako orduan elkartu dira Xabier Ostolaza, Jexux Mari Errazu eta Jon Odriozola, Zestoan (Gipuzkoa) —Osinalde ezin izan da agertu, lana dela eta—. Denbora zen ez zirela hirurak elkartzen, eta besarkadak izan dira ikusi orduko. Saminez gogoratu dute duela 20 urte gertatutakoa, bizi behar izan zutena. Bikain zihoan Pumoriko espedizioa, baina tragedia bihurtu zuen elur jausi batek. Javi Arkauz, Aritz Artieda, Cesar Nieto, Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza hantxe hil ziren. Euskal Herriko alpinismoak inoiz izan duen istripurik gogorrenetakoa izan zen. Hirurak hunkitu egiten dira espedizioko kideez gogoratzean, baina, denborarekin, ikasi dute ordukoaz hitz egiten.

Jexux Mari Errazu (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975) izan zen 2001eko Pumoriko espedizioa antolatzen hasi ziren lehenetako bat. 2000. urtean, Perun egona zen Beñat Arruerekin eta Iñaki Aiertzarekin. Huascaranera (Peru, Andeak, 6.768 metro) eta Alpamayora (Peru, Andeak, 5.947 metro) igo ziren. Han ezagutu zituzten Jabi Arkauz eta Aritz Artieda. «Hurrengo urtean, beste espedizio baterako gauzak antolatzen hasi ginen. Zalantzak izan genituen nora joan: Ama Dablamera [Nepal, Himalaia, 6.812 metro], Pumorira [Nepal, Himalaia, 7.161 metro]… Azkenean, Pumorira joateko hautua egin genuen». Ordurako, Beñat Arruerekin eta Benantxio Iruretarekin batera, Xabier Osinalde ere taldera batuta zegoen.

Jon Odriozola ere (Zestoa, Gipuzkoa, 1977) betidanik izan da mendizalea. Inguruko mendietan asko ibilitakoa zen ordurako. «Ez dut orain ondo gogoratzen, baina uste dut niri Jexux Marik edo Beñatek deitu zidatela, espedizio bat osatzen ari zirela esateko eta batzeko gonbita egiteko. Handik gutxira, Azpeitian gelditu ginen, espedizioaren nondik norakoak antolatzeko. Ni batu nintzenerako, dena oso aurreratuta zeukaten. Gogoan daukat Benantxio Irureta zenak nola esan zidan: ‘Hau zegok, hi! Ez zegok beste aukerarik’».”

Jarraitu irakurtzen hemen.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide