Txalo zaparrada hau zuentzat

Gaur aspaldian egin ez nuen bezala egin dut barre. Modu oso arruntean esanda, txixak irten beharrean. Eta ezin dizuet gehiegi aurreratu sorpresa, baina gogoratuko zarete nitaz otsaileko zenbakiko atarikoan Fernando ikusten duzuenean.

Bolada eskas xamarra pasa dut moralki, umore petral xamarrean ibili naiz, baina, eguraldi onarekin batera suspertzen hasi naizela pentsatu nahi dut. Bide horretan, otsaileko zenbakiko kolaboratzaileek asko egin dutela esango nuke. Badakit jende batentzat Danbolinen ez garela super profesionalak. Batzuentzat agian daukaguna baino gehiago mereziko dutela zestoarrek. Baina pofesionalak izan gabe gertukoak izateak ere zenbat balio duen!

Eta zenbat balio duen, eskatu gabe, sorpresan aldizkarirako testu bat jasotzeak. Eta bat gutxi ez, eta hilabete berean beste herritar batengandik bigarren testu bat ere jasotzeak. Ez dauka preziorik. Asko esan nahi du niretzat.

Hilabetea gogor bezain xamur hasi nuen. Xabier eta Jon biak sentitzen zaituztet gertuko, lagun, jende jatorra. Ia neure etxea den Danbolineko bulegoan zuen barruko sentsazio-zopa hura askatzen entzuteak urrea balio du. Badakit, terapia gisa hasi zena, azkenerako gogorra suertatze ari zaizuela, ze nahi duzue ba, robotak ez zarete! Baina ez dakizue ondo zenbat eskertzen dizuedan gurera egindako bisita.

Hura pasa eta gutxira San Joan egoitzan izan nintzen Aitor Salegirekin Legoia bisitatzen. Oso gertuko izan dut hau ere txiki-txikitatik gurasoen laguna izaki. A ze burua gizon honena. Miresmena sentitzen dut horrelako oroimena duen jendearengan. Zenbat kontu zahar. Aspaldian egon gabe geunden eta oso gustura egon nintzen. Zenbat aldiz gogoratu nintzen aita eta amaz.

Ezin, nahi gabe bada ere otsaileko zenbakiari errepasoa egiten ari naizen honetan, Iban Narbaiza eta Aitor Manterola aipatu gabe utzi, zuek etxerako! ia-ia futbolean hasteko gogoa eta guzti sartu didazue! jajaja. Eskerrik asko zuen lanagatik ere.

Baina batez ere, zutabe honetan Fernando aipatu nahi dut. Eta idazle onek egiten duten gisara, testuaren hasierara itzuliko naiz. Pertsona “publikoa” izaki jende batek bere kanpo itxura bakarrik ezagutzen du. Eta jakin badakit, askok bere petral aldiak bakarrik ezagutzen dituztela, beti dago ito beharrean, hil ala bizian, hori da bere egoera naturala. Nik suertez dezente ezagutzen dut, ordu asko pasa ditut bere alboan eta itota ez dabilenean nolakoa den ezagutzea tokatu zait eta aitortuko dizuet lagun bezala ez dakit pareko asko dituen. Eta hori gutxi balitz, Danbolinengatik egiten duen guztiak ez dauka izenik.

Profesionalak? ba kazetaritza aldetik agian ez gara izango, baina, zerbaitetan asmatzen dugu, herritarrek Danbolinengatik horrenbeste ematen dutenean. Bihotz-bihotzez eskerrik asko zuetako bakoitzari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide