Albisteak

“Txanpon askea” hitzaldia antolatu du Mizelio Zestoak

Anton Zarauz ekonomilari eta ikertzaileak Txanpon Askeari buruzko hitzaldia eskainiko du apirilaren 28an, arratsaldeko 19:00etan, Alondero aretoan. Mizelio Zestoa taldeak antolatu du hitzaldia eta bere esanetan Antonek ibilbide luzea egin du “Juna” izena duen txanponaren ikerketan eta praktikan, eta hitzaldi honetan, besteak bestek, zer den, bere jatorria zein den eta nola erabil dezakegun azalduko digu. Taldeko ordezkarien esanetan: “Txanpon horrek, ekonomia libre eta justuaren aldeko apustua egiteko aukera ematen digu. Antonen asmoa, pertsona guztiok ezagutzen dugun paradigma ekonomikoaren aldaketa eraldatzaile bat ezagutaraztea da; berrikuntza horrek, gizakia aberastasunaren neurriaren ardatz egituratzaile gisa jartzen du, eta txanpon askea da, hain zuzen ere, aldaketa hori egiten uzten duen tresna. Eredu erreal honek, bere praktikaren bidez, itxaropena eskaintzen du, biziarazten gaituzten eta jasaten dugun sistema ekonomikoa berreraikitzeko”.

Hitzaldia doakoa bada ere, bertaratuei borondatea eskatuko zaie hizlariaren bidaia gastuei aurre egiteko. Bestalde, edukiera mugatua tarteko, hitzaldira joateko asmoa dutenek izena eman beharko dute 683 47 16 74 telefonoan (Sorkunde).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide