Albisteak

Txistu eta organo kontzertua – Garikoitz Mendizabal eta Ana B. García

Azaroak 18an (ostirala),  19:30ean hasita Zestoako Parrokia-elizan txistu eta organo kontzertua izango da.  Ana Belén García eta Garikoitz Mendizabal musikariek emango dute kontzertua. Jarraian dituzue organo jole andoaindarraren eta txistulari zestoarraren biografiak:

ANA B. GARCÍA
Andoainen jaio zen. Piano eta klabezin goi-mailako ikasketak Donostiako Kontserbatorioan egin zituen; organoko erdi-mailako ikasketak ere bai, E. Elizondorekin, eta Musikenen bukatu zituen E. Ladartekin. Beste hainbat irakaslerekin ere aritu zen, esate baterako, Loïc Mallièrekin, inprobisazioa landuz.
Enrique Lartundo Fundazioko bekaduna izan da behin baina gehiagotan, han piano eta organo ikasketak sendotu dituelarik. Paubeko L´École Nationale de Musiquen, organoko “Mention très bien à l’unanimité” eskuratu zuen.

Bakarlari eta laguntzaile gisa, parte hartu du Espainiako eta Frantziako hainbat jaialditan. Gainera, piano eta organoko klaseak ematen ditu eta errepertorista gisa lanean aritzen da. Donostiako Santa Maria basilikako (Cavaillé-Coll. 1863) organista titularra da.

GARIKOITZ MENDIZABAL
Garikoitz Mendizabal txistuaren interprete onenetakoa da; musika-tresna horrekin eta euskal kulturarekin oso konprometiturik dagoen musikaria. Goi Mailako Gradua du Txistuan, eta Karrera Amaierako Ohorezko Saria lortu zuen Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.
Euskal Herriko Txistularien Lehiaketan bi sari irabazi zituen. 2002an lehenengo saria eskuratu zuen Errenterian ospatutako Txistularien Banden Sariketan, Gasteizko Txistularien Bandarekin batera. Banda horren zuzendaria ere izan zen.
Musika-talde ospetsu ugarirekin egin du lan barkarlari moduan: Madrilgo Erkidegoko Orkestra Sinfonikoarekin, The Bratislava Symphony Orchestrarekin, St Petersburg State Symphony Orchestrarekin, Bartzelonako Liceuko Orkestrarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Hego Koreako Chun Cheon Philarmonic Orchestrarekin eta Gyonbook Philarmonic Orchestrarekin, Madrilgo Udal-Bandarekin eta abar. Folk musika-taldeekin ere kolaboratzen du, besteak beste, Korrontzirekin edota Carlos Nuñez eta Kepa Junkeraren mailako artistekin hainbat musika proiektu gauzatu ditu.
Mendizabalek diskografia zabala du. Bilboko Udal Txistularien Bandaren zuzendaria da egun, eta bakarlari moduan ere aritzen da. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kide da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide