Albisteak

Udaberriko Argazki Rallyaren bosgarren edizioa izango da igandean Arroabean

Arroabeko Ezkaizto Auzo Elkarteak antolatuta, Udaberriko Argazki Rallyaren bosgarren edizioa ospatuko da igande honetan, maiatzaren 25ean. Jarduera goizeko 10:00etan hasiko da eta 13:00ak arte luzatuko da. Irabazleen izenak, berriz, ekainaren 16an emango dituzte jakitera.

Rallyan parte hartzeko izena eman beharko da. Bi aukera egongo dira horretarako: alde batetik, posta elektroniko bidezko izena ematea, arroako.argazkirally@gmail.com helbidera idatzita. Bestetik, rallyaren egunean bertan apuntatu ahal izango da, “ElkarGune” lokalean, goizeko 9:30etik 10:00etara bitartean. Izen-ematean, parte-hartzaileek zein kategoriatan lehiatuko diren adierazi beharko dute, 16 urtetik beherakoen kategorian ala helduen kategorian.

Hiru kidek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu edizio honetako irabazleak eta ekainaren 16an jakinaraziko dituzte. Sari banaketa, berriz, ekainaren 20an, astelehenez, egingo da, arratsaldeko 19:00etan.

Bi kategoriatan bosna sari banatuko dira: hiru sari bilduma onenentzat, sari bat argazki dibertigarrienarentzat edo artistikoenarentzat eta azkenik, herri botoaren bidezko saria. Azken hau Arroabeko bizilagunek erabakiko dute, online bidezko bozketaren bidez

Argazki Rallyaren oinarrien inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide