Paperekoa

[JARDUNIAN] Eñaut Gaztañaga: “Musikan seguru sentitzen nauk”

Mars Attack, Strangers Things, Jaws… pelikula fantastikoen kartelak hormatan. Eta pelikula horietako, eta beste batzuetako, protagonista eta mamuen figuratxoak apaletan. Arocena hoteleko zaharkinen brokante hartan lortutako antigoaleko telefono bat. Eta patineteak: skate oholak paretetan, kartelen artean, eta Miren Gaztañaga aktoreak oparitutako Sancheski autentiko bat bazter batean. Eta, jakina, anpliak, ordenagailuak, gitarrak, nahaste-mahaia, pedalak, eta grabazio gela bat. Zubimusu kaleko Gaztain estudiora Euskal Herriko musikari entzutetsuenetako batzuk etorri ohi dira. Beraientzat inportanteena dena, beren kantak, bertan grabatu nahi izaten dituzte; estudioa sortu duen profesionalaren laguntza bilatzen dute. Horregatik ikusi dezakezu gure herrian, edozein astegun buruzuritan, Gorka Urbizu, edo Aiora Renteria, edo Izaro… Mirari txiki bat da, eta milagroa obratu duenari joan gatzaizkio galdezka.

Musika ekoizlea haiz, ezta Eñaut?
Ekoizlea eta soinu teknikaria.

Eta zein da aldea?
Imajinatu hi ekoizlea haizela, higana etorriko duk musikari bat –edo talde bat–, eta hire lana izango lukek etxetik dakartzaten grabazioak hobetzea, aholkuak emanaz. Kanta hau luzeegia iruditzen zait edo hasiera azkartu egingo nuke edo errepikan koro bat sartu ezazue… detaileak izaten dituk, sormenarekin zerikusia dutenak.

Teknikariaren lana grabazioa bera lukek. Musikariei banan bana egiten zizkieagu grabazioak, instrumentu bakoitzarekin pista bat sortuz; bateria grabatzen duk aurrena, zortzi mikrorekin; baxua gero, bi mikrorekin; gitarrak, lau… eta, taka-taka-taka, denak grabatu. Gero pista horiek nahastea ere teknikariaren lana duk.

Sinpleago esplikatuko diat: nire lana sukaldari batenaren antzekoa duk. Etortzen zaik bezeroa eta esaten dik: Nik tortilla bat nahi diat egin, baina Karibeko estilora eta brokolia sartu nahi zioat… ekoizlearen lana duk esatea: oso ondo! Baina kendu oliba olioa eta erabili kokoarena, brokoliaren ordez sartu txilea eta zilantroa. Eta teknikariaren lana izango lukek tortilla hori zartaginean egin eta aurkeztea.

Ekoizlearen lana literaturan editore batek egiten duenaren antzekoa duk hortaz. Ez al da zaila hainbesteko dedikazioa eskatu duen sorkuntzari eskua sartzea? Artistari ‘zer egin behar lukeen’ esatea?
Psikologikoki tentuz ibili beharra zagok, gauzak behar den moduan esateko. Baina, normalean, higana etorri denak zerbaitegatik aukeratu hau; gustatzen zaiok hik kantei bilatzen dieana. Bestalde, nik ez zieat esaten: kanta hau kendu egin behar duk eta kito! Nik sujerentziak egiten ditiat, eta berek erabakitzen ditek gero. Hau ez duk diktadura bat.

Gertatu al daiteke hasieran ekarri duten grabazio hori asko aldatzea?
Bai, asko aldatu daitekek. Edo oso gutxi. Aldea zagok zein mailatako taldea den, eta zenbat egunetarako hartzen duen estudioa. Hiru egunerako kontratatzen banaitek, grabatu ahala zerbait hobetzen saiatzen gaituk, baina milagrorik egiterik ez zagok. Beste artista batek, Izarok adibidez, igual hartzen dik hilabete eta erdi. Eta kanta batzuk oso borobilduta ekarri ditzakete, baina beste batzuekin esaten zidatek: Eñaut, kanta hau ez dugu lokalean asko landu eta hemen, estudioan, nahi genuke probatu, eta atmosfera elektroniko bat erantsi. Orduan elkarrekin hasten gaituk eta, pixkanaka, abestiak norabide bat hartzen dik.

Editorea eta emagina ere bai! Ateratzen den horren parte ere sentituko haiz batzuetan, ala?
Ba bai… kasu askotan ekoizleari ere ematen zizkiotek egile-eskubideak. Niri ere eman izan zizkidatek. Euskal Herrian ez duk oso ohikoa, baina kanpoan ekoizle guztiek izaten ditek eskubideen zati bat.

Haurtzaroan musikak zer leku zian hire bizitzan?
Etxean musika asko entzun izan diagu. Aitak gitarra jotzen zian, amak pianoa. Musika klasiko kontzertu mordo batera eraman gintiztean, eta Leok’k-en mila istorio kontatzen zizkigutean.

Baina, horretaz gain, badakik, askotan, umetan bizitako zerbaitek arrastoa uzten dik. Eta guretzat Lin Ton Taun boom bat izan zuan. Laranjadin eman zuten kontzertu bat akordatzen zaidak, gu oso umeak ginela –zer izango genituen, hamarren bat urte?–. Egundokoa izan zuan hura! Ordura arteko futbola-eta-eskalada-eta horiek laga eta garbi izan nian: nik musika nahi diat egin, musikari izan nahi diat! LTTren entsegu lokaleko leihotik lepo-luzeka ere han ibiltzen gintuan. Katekesis eta Eremuan-ekoak ere han jotzen zitean. Noizik eta behin utzi egiten zigutean zerbait probatzen. Ordurako pianoa ikasten ari ninduan, baina Munatxo [Jon Rezabal] eta Joseba [Ilarramendi] musika eskolan irakasle hasi zituan, eta panderora aldatu ninduan. Gero aitaren gitarra hartu eta, Joño! honetan ez nauk hain baldarra! Eta segituan eskolako lagunekin talde bat sortu…

Ze banda sortu zenuten?
Lehendabizi Amets Gaizto. Gero Hilobitik, horrek gutxi iraun zian. Hurrena Azido. Azidorekin kontzertu mordoa eman genitian. Tellek [Ibon Telleria], bateria; Hektorrek [Larrañaga], baxua; Ibon [Izagirre], azpeitiarra, zuan abeslaria; eta nik gitarra jotzen nian. 14-15 urte genitian. Jakina: ez kotxe ez gidabaimen, eta hala ere moldatzen gintuan batean eta bestean jotzeko.

Eta gero unibertsitatea…
Batxilergoan artearen historia eman zigutean, eta molatu egin zitzaidaan. Eta han joan ninduan Leioara, Arte Ederrak ikastera.

Eta ikasketetan zentratu al hintzen?
Tira… Lagun-kuadrilla interesantea egin nian han. Gainera garai hartan youtube azaldu zuan, eta egundokoa izan zuan: Ostia! Hemen bideoklipak zeudek! Denbora gehiago pasatzen genian informatika-gelako ordenagailuetan musika bila, margotzen-eta baino… Dena dela EHUko Arte ederretan sormena lantzea duk helburu. Eta esango nikek sormen horrek lagundu didala gerora.

Hor, lapitzen potoan, brotxa bat daukak.
Hori teklatuei-eta hautsa kentzeko duk, kar, kar, kar…

Garaitsu hartan sortu zen Grises, nola izan zen?
Amancayk Madrilgo bikotekidea zeukaan, Gonzalo. Abeslaria zuan eta etortzen zenean bere kantak erakusten zizkidaan. Eta hor hasi ninduan gitarrarekin laguntzen. Eta esan genian: talde bat egingo diagu! Horregatik hasi gintuan erdaraz abesten, madrildar harenak ziren-eta hasierako kantak. Gonzalo aktorea ere bazen ordea eta, horretan zentratzeko, musika utzi zian. Eta taldearekin jarraitu genian Amancayk eta biok, eta Antoniok [Diniz], eta Narak [Narayan Paz]; Alejo geroago sartu zuan.

Grises zer joan zen, etxafuegoa bezala gora?
Ez-ez. Lehenengo diskoa 2011n atera genian, ordurako bageneramatzan bospasei urte, jo eta ke. 23 urtez aritu gintuan jotzen, baina potente-potenteak azken hamarrak izan zituan. Bat-batean Madrilgo zigilu batek begiz jo gintian. Eta, kolpetik, festibal handi denetatik deitzen hasi zitzaizkiguan.

Eta lentejak musikatik ateratzeko ametsa ordukoa al da?
Garai hartan diseinu lantxoak-eta egiten nitian, baina musikarekin ere hasita nengoan; bai teknikari lanetan, zuzenekoak egiten, bai diskoak grabatzen.

Eta horretan, nola hasi hintzen?
Estanis Elortzak lagundu zidaan; bera duk orain gure [Ezpalak taldearen] zuzeneko teknikaria. Talde bat zian Elortzak eta elkarrekin jotzeko deitu geniean. Hasieratik feeling ona izan genian. Andoaingo Zine eta Bideo eskolan soinu-irakasle ari zuan bera. Nik etxean grabatutako lantxoak erakusten nizkioan eta berak joder, tu te tienes que dedicar a esto! eta horrelakoak esaten zizkidaan.

Gaia bahuela igarri zian.
Bai, eta hezi egin nindian, nik ez diat soinu-teknikari ikasketa formalik egin. Gainera kontratatu egin nindian, estudio txiki bat zeukaan eta. Urte batzuk eta gero neure kaxara jartzeko garaia zela pentsatu, beharrezkoak erosi, eta ia hamar urtez jardun ninduan etxepeko trastelekuan. Eta orain bost urte hona aldatu ninduan. Naturalki gertatu duk dena; nik musikari izan nahi nian eta, azkenean, teknikari eta ekoizle amaitu diat.

Musika ekoizle izan nahi zuen lagun bat badiat; zailegia zela eta etsi egin zian.
Teknikarientzat lan asko zagok, zuzenekoetan-eta. Grabaziotxoak, txapuzatxoak, egiteko aukera bazagok; baina ogibide bihurtzea ez duk erraza. Izena duten estudio batzuk bazaudek eta zirrikitua egitea zaila duk.

Hik, ordea, lortu egin duk. Nola senti arazten hau horrek?
Ba… ondo.

Duela 15 urte bateren batek gaurko hire panorama kontatuz gero, zer pentsatuko hukeen?
Ez nian pentsatu ere egingo! Horregatik zeuzkaat argazki hauek hemen enmarkatuta [lan-mahaiaren alboko apala seinalatu du. Hilobitik-ek ateratako kasetea eta bi argazki zahar, biak Azidoren garaikoak: batean taldekideak geltokiaren atzealdeko karkaban ageri dira, bestean Eñaut kontzertu batean]. Askotan, despistatuta edo agobiatuta-edo nagoenean, horra begiratu eta etortzen zaidak: Garai hartan hik hau nahi huen, ezta? Ba orain izorratu hadi eta segi pelotan! Kar, kar, kar…

Pabiloien garaia bizi omen dugu musika arloan Euskal Herrian. Hala izendatu dik Iñigo Astiz kazetariak: gutxi batzuk fokupean, BEC eta horrelakoetan sold outak egiten; beste gehienak ilunpean.
Nik uste diat zirkuitu desberdinak daudela. Gu ez gaitik erasan fenomeno horrek, rocka nahiko undergrounda duk eta. Ez diat hausnarketa sakonik egin, baina egia duk joera berri honek konpetentzia handia sortu duela mainstream diren taldeen artean. Eta ondoeza. Hori nabarmena duk. Hemendik 5-10 urtera zer ekarriko duen? Auskalo! Aldaketa soziologiko handiago baten eragina dela uste diat. Orain jendeari ‘ebento’ra joatea interesatzen zaiola ematen dik. Ni hor egon nauk esatea. Baina lehen ere bazebilen ideia hori: ‘joder, jendea festibaletara dena emanda, eta kontzertu-aretoetara ez dira joaten’. Orain familia osoak joaten dituk kontzertu handietara, 500 pabo ordainduta, eta gero (Azpeitiko) San Agustinera ez dituk joango 15 euroan izanda sarrera. Konplikatua duk.

Joan al haiz handi horietakoren batera?
Ez.

Eta asmorik?
Fermin Muguruzak Anoetan eman behar duenerako badiat sarrera. Ez zekiat Fermin ere zaku horretan sartu behar ote dugun, kar, kar, kar…

Esan zidatek lanez gainezka habilela, txanda eman ezinda…
Boladaka izaten duk hori. Durangoko azoka aurreko hilabeteetan topera jarduten nauk; urte hasiera makalxeagoa izaten duk.

Artista mordo bat pasa duk heure estudio honetatik… gertatu al zaik bateren bat etorri, jotzen hasi, eta hik pentsatzea: Ene! Txarra duk ba!
Bai… [ahotsa jaitsiz eta lotsatuta bezala, irribarrez] bai-bai.

Harrigarriki txarrak ere bai?
Bai.

Eta kontrakoa gertatu al zaik?
Baita. Justu orain dela gutxi Indabe-koak etorri zituan; Donostiako talde bat, apenas neukaan ezer entzunda berei buruz, hasiberriak dituk-eta. Eta sorpresa polita izan zuan. Talentua igartzen zitzaiean abestiak egiteko eran, kantatzeko eran.

Tarifa bera kobratzen al diek hasiberriei eta izar handi horiei? Izarori eta Indaberi?
Bai. Aldea duk Izarok egun gehiago hartzen dituela.

Eta nola daramak diruarena? Esan nahi diat: ez haiz iturgina edo elektrikaria, oso ezohikoa duk hik eskaintzen duana, ez duk erraza izango, agian, hasieratan prezioak ezartzea-eta, edo?
Hasieran oso zaila duk. Alderdi hori deserosoa egiten zitzaidaan. Baina, tira, gutxi gora-behera jakin ohi diagu beste estudioek zer kobratzen duten. Eta hor norberak baloratu behar dik eskaintzen duenak zenbat balio duen. Ni oso baxutik hasi, eta igotzen joan nauk.

Zergatik uste duk izan duala arrakasta?
Ez zekiat zergatik den, baina nahasketak egiterakoan daukadan ikuspegia jendeari gustatu egin zaiok. Horrek eragin handia zeukak. Baina gero bazagok beste gauza bat: askotan esaten zidatek oso lasaia naizela, eta hona etortzen direnetako batzuk, normala den bezala, urduri egoten dituk; diskoa beren umea duk! Eta tentsiotxoak egon zitezkek… eta nik baretasuna-edo transmititzen zieat. Hori ere gustatu egiten zaiek.

Horretaz aparte, musika estilo asko entzun ditiat, zorionez. Beti izan diat jakin-mina. Garai batean Metallica entzuten nian nekatu gabe, baina Britney Spears-ek disko bat atera, eta bilatu egingo nian, kuriositateagatik. ‘Egarri’ hori ona izan duk niretzat. Eta musikari moduan ere musika estilo asko landu ditiagu. Grisesen popa asko, baina rocka ere asko egin izan diat, baita elektronika ere; gitarra kontrolatzen diat gehien, baina bateria ere jotzen diat zerbait, pianoa ere bai. Horrek denak laguntzen zidak abestiaren ikuspegi osoagoa izaten, zer behar duen igartzen.

Izen bat aipatzeagatik, Izarorekiko lan harremana nola sortu zen?
Izarok lehenengo diskoa Donostiako estudio batean grabatu zian, eta, esan didanagatik, ez zian oso esperientzia ona eduki. Eta bigarren diskoa prestatu samar zuenean beste teknikari baten bila hasi zuan. Taldekideek nire izena aipatu ziotean, eta deitu egin zidaan. Harrituta geratu ninduan, Izarok nahi zuen estudiora joateko aukera zeukaan eta.

Izarrekin aritzeak bertigorik sortzen al dik?
Ez.

Ez, e? Imajinatu aurreko diskoarekin jota markak hautsi dituen talde bat datorrela hona. Hurrengo lana bertan grabatzea ez al da rebalida moduko bat hiretzat?
Hara, ez zekiat zergatik gertatzen den, baina gauza xelebrea duk: ni bizitzako beste alor askotan oso zalantzatia nauk. Adibidez: ez diat txofertzen, beldurra ematen zidak. Ahal dela nabarmendu gabe pasa nahi izaten diat, lotsatia nauk… baina musikan seguru sentitzen nauk. Bai eszenatokira igotzeko, bai taldeak etortzen zaizkidanean. Uste diat musika dela arlo bakarra pentsarazten didana: hau egiten bazekiat, ondo aterako duk. Eta lasai sentitzen nauk, seguru.

Alderdi txarrik ez al du ofizio honek?
Nire pasioa duk musika, baina pasioa lana bihurtzeak arriskuak ere baditik; nekatu egin haiteke. Edo ikusi dezakek heure sormena kamustuta, gogorik gabe, behartuta jarduteagatik.

Gertatu al zaik hori?
Noizbait bai. Horrelakoetan lan-karga handiegia ez hartzen saiatzen nauk, baina hori ere ez duk erraza autonomoa izanda. Azkenaldian ostiralak libratzen saiatzen nauk bi astez behin.

Eta zer egiten duk ostiral horietan?
Kontzertuak izaten ditiagu.

Kar, kar, kar…
Kar, kar, kar…

Ezpalaken kontzertuak lana al dira?
Ez, ez duk lana. Baina ordu asko kentzen ditik, lanordu batzuk ere bai. Eta ezin dena da aste osoa lanean pasa, gero bi egunean bi kontzertu, eta atzera lanera estudiora. Nik ez diat estutu nahi musikarekin, bizitzeko lain atera nahi diat, eta kitto.

 

 

GATZA

Lau hilabeteko geldialdi baten ostean, laugarren estudioko lana kaleratu du Ezpalak-ek.
Hasi berri dira aurkezpen biran. 11 kontzertu lotu dituzte, batzuk ondo urrutian; maiatzean Bogotara doaz. Diskoaren irudia Julia Urreaga herritarrak egin du.

 

 

 

PEDALAK

Ehun eta gehiago pedal ditu Eñautek. Konpultsiboki erosten zituen garaia pasa omen zaio. Lanerako erreminten premia eta fetitxismoa nahasten dira bere ‘bildumazaletasunean’. Gitarristak nahiko frikiak gaituk materialarekin aitortu du. Zertarako balio dute? Argazki kamera baten lenteak edo filtroak bezala dira.

 

 

 

EÑAUT RAULen arabera
Zestoako Prince da Eñaut. Edozein instrumentu oso ondo jotzeko kapaz da. Eta kantentzat melodiak bilatzen makina bat da. Nahiz berak ez duen sekula esango, apala baita, eta oso pertsona ona. Lagun atsegina batetik bestera ibiltzeko.
Maniatxoak ere baditu, hainbeste ikertzen duenez musikan, gai da pedal bat erosi, gerora saldu, eta denbora baten ostean berriz pedal bera erosteko.
Taldearen tenperatura neurtzen ere ederki daki, noiz eta zenbat entsegu behar dituen bere bandak sasoi puntua harrapatzeko. Abilezia behar da horretarako.
ALEJOren arabera
Pertsona apala, beti laguntzeko prest. Perfekzionista, gauzak ondo egitea gustatzen zaiona; eta ez musikan bakarrik. Gauza gutxirekin gustura egoten dakien mutila –pedalekiko bizioa kenduta–.
Musikak bere bizitzan oreka ematen diola esango nuke, oreka eta ordena. Beste askori gertatzen zaigun bezala.
Errealista da –Realekoa izateaz gain– arrakastak ez dio begirada lausotuko Eñauti. Lagunok asko estimatzen diogun beste dohaina da: ostegunetan estudioa 7etarako ixten duela, pintxo-potera etortzeko; hori eskertzekoa da oso.

 

 

 

 

 

 

Jon Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide