Albisteak

Udal langileek bat egingo dute martxoaren 12ko sektore publikoko grebarekin

Martxoaren 12an greba eguna izango da sektore publikoan eta Zestoako Udaleko langileek bat egin dute grebarekin. Ondorioz, udaletxea, kiroldegia, liburutegia eta kultur etxeko bulegoak itxita egongo dira asteartean. Hala ere, zerbitzu minimoak izango dira: Gizarte zerbitzuek eskaintzen duten zerbitzuaren arreta pertsonala, udaltzaina eta Zestoako eta Arroabeko haur eskoletako garbiketa zerbitzua.

Ondorengoa ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek kaleratu duten idatzia:

 

Zerbitzu publikoak indartzeko eta soldata eta enplegua hemen ados daitezen eragiten jarraitzeko greba

Martxoaren 12an GREBA EAEko sektore publiko osoan:

Urriaren 25ean eta abenduaren 19an egin genituen greba eta mobilizazioak, arrakastatsuak eta eraginkorrak izan ziren, patioa mugitu zuten, eta eragiten jarraitzeko bidea erakutsi ziguten. Zerbitzu publikoak indartzeko adostutako aldarrikapenak gauzatzeko borrokan segida eman behar zitzaiela aurreratu genuen, eta dagoeneko hitzordu berria zehaztu dugu ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok: Martxoak 12.

Erronka handiak borroka tinkoa eta dinamika sendoa behar du. Egiten ari garen borrokarekin jendarteak egoeraz jabeagoa da, eta alderdi eta erakundeen diskurtsoa eta jokabidea baldintzatu ditugu.

EAJ eta PSOEren arteko inbestidura akordioak soldata eta enplegua hemen erabaki ahal izateko ate bat ireki zezakeen arren, ez da benetako pausorik eman hori lortzeko ordea. Horren adibide argia da honako hau: Eusko Legebiltzarrak 2024rako onartutako aurrekontuetan, 19. artikuluak jasotzen du Madrilek soldatetan eta enpleguaren arloan hartzen dituen erabakiak bete behar direla. Birjartze tasak balizko kentzearen inguruan Madriletik botatakoa iragarpen batean geratu da, eta iragarpen hori gauzatuko balitz, hemengo eremu ezberdinetako agintarien borondatea baldintzatu beharko dugu, enplegu publikoa deuseztatzen eta pribatizazioak sustatzen jarrai ez dezaten.

Euskal alderdi politikoei ere, beraien botoak Madriletik ezarritako betoak galarazteko eskatu diegun arren, egun beto horiek mantentzen dira. Horregatik, aste gutxi barru landuko diren Estatuko Aurrekontuen Legean beto horiek kentzearen alde egiteko eskatu behar diegu beste behin ere.

Euskal langile publikoak gure lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko, martxoaren 12an sektore publikoko langileok grebara eta kalera!

  • Estatutik datozen mugak ez onartu, inposiziorik eta betorik ez!
  • %10eko soldata igoera orain eta aurreko zorra berreskuratu, Enplegua sortu eta egonkortu, behin- behinekotasuna %8tik behera.
  • Publikoa indartu, pribatizaziorik ez, publifikatzeko planak adostu.
  • Lan kargak arindu, osasuna bermatu.
  • Politika feministak, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak adostu.
  • Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik ez.
  • Jardunaldiaren murrizketa, 32 orduko lan astearen norabidean.

ELA, LAB, CCOO, STEILAS, ESK




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide