Udalak ez du nahi izan jaso gure ekitaldia zoroperietako egitarauan
— 2017-12-22Abenduaren 26an, zoroperietan, emakumeen aurkako indarkeriaren salaketa ekimena egingo dugu 13:00etan. Zestoako Txoko Feminista minduta dago oso, udalak ez baitu nahi izan indarkeria matxista salatzeko deitu dugun ekimena egitarauan sartu. Festetan egin genuen bezala egitaraua antolatzeko ardura duen udal teknikariari pasa genion informazioa. Honek weba kudeatzen duen teknikariak edo alkateari galdetzeko esan zigun. Weba kudeatzen teknikariak ere nahiago zuela alkateari galdetuko bagenio.
Alkateak erabaki behar al du herriko festa egunetako egitarauetan zer sartu edo ez sartu? Herrian antolatzen diren ekintza guztiak egitarauan agertu beharko luketela iruditzen zaigu, inongo bazterketarik egin gabe.
Udalak ekimenaren inguruko zalantzak dituela dio, presente den kasu bati egiten diolako erreferentzia. Zalantzak indarkeria matxista salatzeko? Onartezina iruditzen zaigu, ekimenaren helburu bakarra indarkeria matxista bere osotasunean salatzea da.
Gure azken deialdiekin bat egin du udalak, iraileko festetako programan ere sartu zen guk deitutako elkarretaratzea eta udal gobernuko zenbait ordezkari ere han izan ziren. Orain dela hilabete ere ez dela hau idatzi zuen udal gobernuak publikoki: “Biktima izan diren, gaur egun diren eta etorkizunean izango direnei indarra emanez eta elkartasuna adieraziz, Zestoako Udalak bat egiten du Zestoako Txoko Feministak larunbatean 12:30 plazan gauzatuko duen elkarteratzearekin”.
Ze arazo dago 30 egun beranduago antzeko ekitaldia egitarauan jasotzeko?
Egin zaitez bazkide