UDALETXEAN USO KALEAN OTSO

Zestoako PNVk berriki egin dituen argitalpenei erantzuten hasteak merezi ez duen ustea badugu ere, hainbat gauza argitzea komeni delakoan Zestoako Ehbilduk ondoko lerro hauek argitaratzea erabaki du.

Hasteko oposizioak kritika egin eta gobernua desgastatzeko saiakerak politikan ulertzekoak eta egin beharrekoak badira ere, denak ez du balio, eta gutxienez esaten dena edo egiten den kritika hori behar bezala arrazoitzea ezinbestekoa da. Gainerakoan, helburua kritika egitea baino bazterrak nahastea dela nabarmenegi gelditzen delako.

Zestoako Ehbilduk udalean gehiengo osoa izanagatik, elkarlanerako egindako saiakera garbia izan da eta oposizioarekin oso esku zabal jokatu dugula ere argi gelditu da: legealdi hasieran gobernu ardurak eskaini zitzaizkion PNVri, nahiz honek ardurak hartzeari uko egin. Aurreko legealdian ez bezala hilero batzorde guztiak biltzen dira, besteak beste oposizioak gobernuari kontuak eska dakizkion. Legealdi hasieran, Zestoak beharrezkoa duen hausnarketa estrategikoa martxan jartzeko erabakia hartu genuen eta geroztik oposizioari politikan ohikoa ez den aukera eman zaio, prentsa agerraldietan ere eurei lekua egiteraino, eta duela bi aste egindako azken agerraldian, PNVko ordezkariak ere elkarlanari buruzko balorazio oso baikorra egin zuen.

Ondorioz, nekez uler daitezke argitaratu duten panfletoan Ehbilduko alkate eta zinegotziei leporatzen zaizkien autoritarismo eta abarrak, inongo adibide eta argibiderik eman gabe gainera. Nekezago uler daiteke legealdi erdiaren balantzea egitean gure bizitzak astindu dituen covid 19aren aipamenik ere ez egitea, era berean hondakinen bilketa eta Arteaga auzuneari buruz egindako aipamenek ezjakintasun larria eta hirigintzan daukaten inplikazio eza adierazten dute. Eusko Jaurlaritzako barne sailak baimendutako presoen aldeko ekitaldiak egin izana eta udal langileen azken 30 urteko arazoa egungo udalari leporatzea, noiz eta Zestoako Udalak inoiz egin duen lanpostuen eskaintza publikorik handiena martxan jarri dugunean, ez da batere serioa eta heldutasun politikorik eza adierazteaz gain, benetako kontu kritikagarriagorik ez dutela topatu dirudi.

Halere, gure ustez benetan onartezina ehorzketen gaiaren baitan zabaldu dituzten kontu zikin eta gezurrak izan dira. EAJren gertuko Gipuzkoako hedabide bati, udalak zerbitzua kendu zuelako familia batek ehorzketa bere kabuz egin behar izan zuela esatea oso larria da. Gezurra beti da onartezina baina antzeko gai batekin gezurretan aritzea benetan fede txarrekoa da eta balore kristauak defendatzen dituen alderdi politiko bateko ordezkariek beste maila etiko eta moral bat izan beharko luketela uste dugu.

Hasieran esan dugun bezala, Zestoako EAJ-PNVri eska diezaiokegun gutxienekoa, argitaratu beharreko kritikak erdipurdika eta era traketsean atera ordez, benetako egitateetan eta gutxieneko argumentuak erabilita argitaratzea da. Bestelakoa ez da kritika, bazterrak nahasteko obsesioa baizik.

Bukatzeko, Zestoako EHbildutik legealdi gogor honi eta herri bezala ditugun erronkei udaletik eta herrigintzatik aurre egiten irmo jarraituko dugula adierazi nahi dugu, bidean egiten ditugun akatsetatik ikasi eta autokritika oinarri hartuta, hori delako benetan aurrera egiteko bidea.

Zestoako EHbildu




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide