Albisteak

Udan zehar ekitaldi ugari antolatu ditu Zestoako Udalak

“Udan zer Zestoan?” egitasmoa aurkeztu du Zestoako Udalak. Jakina denez, alkateak bertan behera utzi zituen udako jaiak. Hala ere, kulturari eta zestoako bizitzari bultzada emateko asmoz kultur ekitaldiz beteriko egutegi bat antolatu du Udalak kultur sortzaile eta eragileekin batera. Hiru bilera egin dituzte eta jsotako proposamen guztiak kontuan izanda, egun bizi dugun pandemia egoerarekin bateragarriak diren ikuskizunak ekarri dituzte gurera. 

Egoera zail batean gaudela eta egoera hau gutxieztea “arduragabekeria” litzatekeela azpimarratu nahi izan du Mikel Arregi ‘Ertxin’ alkateak. Halere, ikuskizunetan segurtasun-neurri guztiak hartuko dira, izan ere, “osasunaren bermea” da garrantzitsuena Ertxinen arabera. 

Momentuz, eskualdean koronabirus kasu batzuk badaude ere, Zestoan ez da positiborik atzeman. Halere, kutsatze tasek gora gin eta erakundeek neurri murriztaileagoak hartuz gero, ekitaldiak bertan behera gelditzea posible dela jakinarazi du alkateak.

Plaza, kultur-eremu

Zestoar guztiontzat adierazgarria den leku bat aukeratu du Udalak hilabete eta erdi honetako ekitaldiak ospatzeko. Herriko plazan aurtengoan ez da barrerarik izango, ezta hondarrik ere. Baina, Udalak eremu bat antolatu du “denok batzen gaituen” txoko honetan. Segurtasun protokolo guztiak kontuan izanda, 200 pertsona hartzeko lekua izango da bertan.

Segurtasun-neurriak

Ekitaldi guztietan gehienez ere 200 pertsona bildu ahal izango dira. Nerea Odriozola Kultur zinegotziak azaldu duenez, herritarrek izango dute lehentasuna. Nahitaezkoa izango da musukoa uneoro jantzita izatea eta sartu aurretik gel hidroalkoholikoarekin eskuak desinfektatu beharko dituzte ikusleek. Sartu-irtenak modu ordenatuan eta pixkanaka egingo dira eta ekitaldiaren egunean garaiz joateko eskaera egin dute antolatzaileek. Oso premiazkoa ez bada, ikuskizunak irauten duen bitartean eserlekutik ez mugitzea eskatuko zaie ikusleei.

Sarrerak

Sarrera guztiak doakoak izango diren arren, ekitaldietako sarrerak erreserbatu egin beharko dira Zestoako Turismo Bulegora deituta (943 86 88 11). Ezinbestekoa izango da izen-abizen zein telefono zenbakia ematea. Horrela, herritarren lehentasuna bermatuko da eta birusaren berragertze bat izanez gero arrastoa erraztuko da.

 

Ikuskizunaren aurreko egunetan aldaketarik izan ezean, Danbolinen edo Zestoako Udalaren webgunean emango da horien berri.

Hemen duzue emanaldi guztian egitaraua. Gure kirola eta batez ere musika nagusituko da uda honetan zehar:

 

Abuztuak 7, ostirala

21:15. Profesionalen arteko pilota partida, kiroldegian. Arteaga II-Urretabizkaia II / Egiguren V-Erostarbe.  AltunaIII-Imaz / Bengoetxea VI-Martija

 

Abuztuak 9, igandea

19:00. Julen Alonso & Oinkari, Sutan dantza ikuskizuna, plazan.

 

Abuztuak 16, igandea

18:00. Herri kirolak, plazan. Harri-jasotzen: Hodei Iruretagoiena, Jakes Iruretagoiena eta Jagoba Otaegi. Aizkolariak: Xabier Orbegozo ‘Arria V’, Luis Txapartegi eta Andoni Iruretagoiena. Lasto altxatzen: Tubi Bustinza.

 

Abuztuak 20, osteguna

18:00. Apaxi ipuin-kontalaria, kiroldegiko aterpean. 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduta.

 

Abuztuak 21, ostirala

19:00. Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal, plazan. Folklorea, jazz eta musika klasikoa batzen dituen proiektu berria aurkeztuko dute.

 

Abuztuak 22, larunbata

19:00. Bertso saioa, plazan (Jon Maia, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña).

 

Abuztuak 23, igandea

19:00. Manez eta kobreak taldea, plazan. Emanaldi poetikoa, sentimenduz betea, errealitatea eta fikzioa nahasten dituzten istorio herrikoiak.

 

Abuztuak 27, osteguna

19:00. Iago Magoa, kiroldegiko aterpean.

 

Abuztuak 29, larunbata

19:00. Grises eta Elira, plazan.

 

Abuztuak 30, igandea

19:30. Arkupetan Txaranga.

 

Irailak 4, ostirala

19:00. Zestoako Musika Bandaren kontzertua, Euskal Herria plazan.

 

Irailak 5, larunbata

19:00. Ezpalak eta Rodeo, plazan.

 

Irailak 6, igandea

Goiz eta arratsaldez, “Buruarinak familian” tailerra, kiroldegiko aterpean.

 

Irailak 8, asteartea

20:00. Zahagi dantza, herriko kaleetan.

 

Irailak 13, igandea

19:30. Arkupetan Txaranga.

 

Irailak 18, ostirala

19:00. Itxaropena dantza taldearen emanaldia, plazan. Aurtengo emanaldian, brokel-dantzak eskainiko dituzte.

 

Irailak 19, larunbata

19:00. ‘Arineketan’ diskoaren aurkezpena, plazan. Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre musikariek euren proiektu bateratua aurkeztuko dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide