Albisteak
UdazkenFest´15 Arroabean
— 2015-10-14Asteburu honetan, ostiraletik igandera arte, UdazkenFest´15 ospatuko da Arroabean.
Ostiralean, eskolako haurrek landaketa tailerra egingo dute. Horrela, garaiko landare desberdinak ezagutu eta etxera eramateko aukera izango dute.
Ondoren, 19:30ean Ederki Elkartean, Jose Maria Larrañaga adituaren eskutik mikologiaren inguruko solasaldia izango da, baita asteburuko gainerako ekintzen azalpena ere.
Larunbatean, Urriak 17, mendi irteera izango da goiz eta eguerdian, perretxiko eta onddoak batzeko asmoarekin. Era guztietako onddo eta perretxikoak jasoko dira: pozoitsuak, elikadura aldetik baliorik ez dutenak eta jangarriak direnak. Egoera onean daudenak bakarrik hartuko dira, ondorengo ekintzetan baliagarriak izateko. Jasotako onddo eta perretxikoak Ederki Elkartera eramango dira aukeratu, garbitu eta sailkatzeko.
Jarraian, 17:00etan, Txokolatada izango da frontoian, Ederki Elkartea eta Guraso Elkartearen eskutik.
Gauean, 21:30ean hasita, Udazkeneko produktu eta onddo zein perretxikoekin egindako afari herrikoia izango da Ederki Elkartean. Afarirako txartelak erostea ezinbestekoa da. Txartelak Ederki Elkartean, Lourdesenea tabernan, Txomin tabernan edota Keixa fruta-dendan eskuratu daitezke.
Igandean, 11:00-14:30 bitartean, aurreko egunetan bildutako onddo eta perretxikoekin, zein eskolako haurrek margotutako irudiekin erakusketa izango da frontoian.
Informazio guztia ederki.eus webgunean ikus dezakezue.
Egin zaitez bazkide