Albisteak
Urola Bizirik taldeak 50 zuhaitz landatu ditu Lasaon, protesta gisa
— 2023-03-14Urola Bizirik natur taldeko hainbat kidek 50 zuhaitz landatu dituzte Lasaon, “ingurumenari egindako erasoa” eta “Kutxaren koherentzia eza” salatzeko helburuarekin.
Hemen taldeak kaleratu duen oharra:
“Lasaoko mendi maldek eta gainek duela gutxira arte pinutegi trinko, berde eta jarraia osatzen zuten. Baina denbora gutxian soildutako eremu bilakatu dira, egin behar ez denaren eredu. Ingurumen arloan diharduten hainbat eragilek bertan egindako matarrasaren astakeria salatu izan dute bere garaian. Aurreko urtean Europako Berdeen taldeko Thomas Weitz europarlamentariak ingurune hauek bisitatu eta ikusi zituenean euskaldunok geure ingurunea gorroto dugula dirudiela adierazi zuen.
Ez da gutxi esatea. Eta hala da, ez direlako soilik pinu guztiak moztu, mendi erreken inguruan zeuden beste hainbat espezietako zuhaitz ugari ere bota dira. Ez da ezer errespetatu. Matarrasa basatia izan da, 300 hektarea inguru estalkirik gabe utzi duena. Eta zuhaitzen desagerketa guztizkoa izateaz gainera, bertan ireki diren pistetatik jaisten diren ur azkarrek daramaten lur kantitatea ikaragarria da.
Mendietako altxorrik preziatuenetarikoa, lurra bera, urak eraman du. Gaur bertan errepidea amaitzen den tokian lokatza besterik ez dago, txorkatilaraino. Zein errez galdu dugu hainbat eta hainbat urteetan, ehundaka edota milaka, eratu den lur geruza! Eta orain, lur hori guztia galdu delarik, monolaborantza landaketa egiteko asmoa dago, berriro ere! Baina zer baliabide izango dute zuhaitz horiek urak jada hoberena berarekin eraman badu? Landare hauek ingurune horretako lurra agortu besterik ez dute egingo. Eta etorkizunean zer? Hau al da gure herri honetan bere obra sozialaren lorpenak lau haizeetara zabaltzen dituen Kutxaren lana? Non dago obra sozialaren eta naturaren babesaren arteko oreka? Non Garapen Jasangarrirako Helburuen betekizuna?
Honi jasangarria deitu geniezaioke?
Ingurumenari egindako eraso hau eta Kutxaren koherentzia eza salatzeko asmoz, gure taldeak landaketa aldarrikatzaile xume bat eraman du aurrera Lasaoko malda batean bertako zuhaitz batzuk landatuz. Gure inguruneak babesa behar duelako; gure lurraldeak ezin duelako horrelako lur galerarik jasan; etorkizunean bertako baso zabalak ikusi nahi ditugulako eta ez eukaliptoz edo atzerriko espeziez jositako mendiak; ezinbestekoa da ingurumena beste begirada batekin ikustea. Ingurumena ez da gure etsaia eta ezin dugu gorrotatu. Alderantziz, gure AMA da eta behar dugun guztia ematen digu. Zer ginateke bera gabe? Umezurtz koitadu batzuk besterik ez”.
Egin zaitez bazkide