Albisteak

Urola Erdiko trantsizio ekosozialerako hurrengo urratsak zehazteko saioa

Urola Erdia Ispiluaren Aurrean egitasmoaren barruan, energia, elikadura eta garraioaren arloko erronkak landuko dituzte urriaren 28an, Azpeitian. Udaberrian egindako parte-hartze saioetan jasotako lehentasunetatik abiatuko dira.

Zestoako Udala, Azpeitiko, Azkoitiko, Beizamako, Aizarnazabalgo eta Errezilgo udalekin batera, Urola Erdia Ispiluaren Aurrean egitasmoan parte hartzen ari da. Eskualdeko trantsizio ekosoziala bultzatzea helburu duen prozesua da, herritarren hausnarketa eta parte-hartzea oinarri hartuta.

Udaberrian, eskualdeko sei herrietan hainbat hitzaldi eta parte-hartze saio egin zituzten. Zestoan, esaterako, klima eta energia krisiaren inguruko saioa egin zuten maiatzean, Alonderon. Saio horietan jasotako ekarpenetatik hiru lehentasun nagusi identifikatu zituzten eskualdean: energia, elikadura eta garraioa.

Orain, hausnarketatik ekintzara igarotzeko beste urrats bat emango dute. Urriaren 28an, asteazkena, eskualdeko eragileak eta herritarrak elkartuko dira, hiru arlo horietan datozen urteetarako jardun-ildoak zehazteko.

Adituen esperientziak eta talde-lana

Saioa 9:00etan hasiko da, Azpeitiko Basazabal jauregian. Lehenik, hiru adituk euren esperientziak aurkeztuko dituzte. Mikel Romanek Debagoienako Tokixan elikadura estrategia azalduko du; INTRAko Diego Gomezek Urola Erdiko garraioaren ekintza-planaren aurrerapena aurkeztuko du; eta Goienerreko Eider Murgoitiok energia-trantsizioaren erronkei komunitatetik erantzuteko aukerak izango ditu hizpide.

Ondoren, parte-hartzaileak hiru lan-mahaitan banatuko dira, arlo bakoitzeko erronkak aztertu, proiektuak proposatu eta lehentasunezko jardun-ildoak identifikatzeko. Industria, hezkuntza, merkataritza, turismoa, administrazioa eta bestelako gizarte-eragileetako ordezkariek parte hartuko dute, baita interesa duten herritarrek ere.

Herritar guztiek eman dezakete izena

Lan-saioa urriaren 28an izango da, 9:00etatik 12:30era, Azpeitiko Basazabal jauregian. Interesa duten herritarrek ere parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko aukera izango dute honako esteka honetan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide