Albisteak

UROLA KOSTAKO EH BILDUK «BAKEA, ERABAKIA» MANIFESTAZIOAN PARTE HARTZEKO DEIALDIA EGIN DU

Urola Kostako EH Bilduk bihar Donostian izango den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Bultzatzaileek “gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean herri baketsu bat garela” erakutsi nahi dute. Horrela, Urola Kostako EH Bilduk bi puntu azpimarratu ditu deialdi hori egiterakoan. Alde batetik, bake bidean “urratsak ematen” jarraituko dutela azaldu dute eta herritarrei ere bide horretan lanean jarraitzeko eskatu diete. Beste aldetik, bihar Donostian «Bakea, erabakia» lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatu diete herritarrei.

Zestoatik biharko manifestaziora joateko 16:00etan gurutzean izango da irteera. Manifestazioa 17:00etan hasiko da Donostiako Artzai Onean.

Hau da prentsaurrekoan Urola Kostako EH Bilduk irakurritako oharra:

Euskal Herriak ez du ezagutu, azken 175 urteotan, gatazka bizi izan ez duen belaunaldirik. Herri honek, modu batean edo bestean, ondo asko ezagutzen ditu gatazka etengabean bizitzeak dituen ondorioak. Orain ia lau urte, Aieteko nazioarteko bake konferentzian, gatazkaren behin betiko konponbiderako aukera eta esperantza ireki zitzaizkion Euskal Herriari.

Orduan, nazioarte osoaren begiradapean, aldebakartasunez emandako pausoek behin betiko bakea ekarriko zuten bideak ireki zituzten. Euskal Herriak hainbeste denboran amestutako bakea lortzeko bideari ekin zion.

Esperantzaz beteriko une haiek, ordea, oztopo eta traba ugari ezagutu dituzte: tamalez, herri honek bakean bizitzeko hartutako erabakiaren aurka, Estatu espainiar eta frantsesek, elkarlanean, gure bidea zapuztea erabaki dute. Ez dute bakerik nahi; gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako. Eta horren adierazle dira, urte, hilabete eta azken asteetan, etengabean konponbidea eta bakea trabatzeko emandako gertaerak.

Herri baketsua da gurea, bakea bakean biziz eraiki nahi duena. Bakean bizitzea erabaki duena. Konponbiderik nahi ez dutenen aurrean, gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean, hitza eta erabakia nahi dituena. Erabakia eta bakea.

Ez dira txikira jokatzeko garaiak. Herri bezala hartutako erabakia, bakean eta askatasunean bizitzeko erabakia, muturreraino eramatekoak baizik. Abagune historiko honetan, beste behin, herri gisa jokatzeko erantzukizuna eta betebeharra dauzkagu herritarrok. Urteetan bizitako sufrimenduari atea ixteko eta itxaropenaren atea irekitzeko ordua heldu da. Ezin diegu hutsik egin bakea amets izatetik errealitate izatera igarotzeko hainbeste lan egin duten milaka eta milaka herritarrei.

Horregatik, Euskal Herritarrei, eta bereziki agerraldi honen bidez, urola-kostako EHBilduko kideok, eskualdeko herritarrei eta geure buruari bi deialdi egin nahi dizkiegu, zintzotasunetik eta tinkotasunetik. Lehena, jarrai dezagun bakearen bidean urratsak ematen, elkarbizitzan eta bakegintzan eredu izaten. Gure konpromisoa eta bide-orri proposamena publiko egina dugun Bakerako Euskal Bidea liburuxka honetan dago barneratuta. Bidelagun izan nahi duten eragile eta herritar ororekin adostuz eta elikatuz egin nahi eta behar dugun bidea. Ez diezaiogun uko egin bakean behin betiko bizitzeko ametsari. Jarrai dezagun posible dela erakusten. Jarrai dezagun, bakoitzak guretik, dagokiguna eginez, herri bezala bakea eraikitzen.

Bigarren deialdia, datorren urriaren 3an Donostiako kaleetan 17:00etatik aurrera, «Bakea, erabakia» lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzea. Bete ditzagun Donostiako kaleak bake eta askatasun egarriz. Bihur ditzagun Donostiako kaleak behin betiko bakera eramango gaituzten bide. Bihur ditzagun bideak pauso eta pausoak bide, Euskal Herriak, azkenean, gatazkarik ezagutuko ez duten belaunaldi berriei ongi etorria egin diezaien. Urola-kostako herritarrok hainbat alditan erakutsi izan dugu konponbiderako eta bakerako gure nahia eta konpromisoa. Eman diezaiogun beharrezko duen bultzada.

IMG-20151001-WA0001




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide