Albisteak

Urola Kostako LABek Azpeitian egingo du maiatzaren 1eko manifestazioa

Urola Kostsako LABeko ordezkariek batzarra egin zuten asteartean, Zumaian, “egungo egoera zaila eta oraindik etor daitekeenaren aurreak iritziak elkarbanatu eta indarrak biltzeko” helburuarekin. Lanpostuen defentsarako “bide berezitu bat” hasi behar dutela garbi dute sindikatuko kideek: “Etor daitezkeen kapitalaren interesei loturiko lan murrizketei itxoin gabe aurreratu beharra dagoela argi daukagu”.
 LABeko kideek azaldu dute jada emandako lanaren galera “ikaragarria” dela, batez ere, “gazte, emakume eta noski hauek lan egiten duten sektore prekarioenetan”. Lan galera hori modu “isilean” gertatzen ari dela diote eta “familia barruan” geratzen den zerbait dela azaldu dute. Sindikatuko kideek egoera hori “azaleratu” eta “agendaren erdigunean” jarri nahi dute: “Aldaketa da dugun aukera bakarra eta gu orain arteko bidearen norabidea aldatzera goaz, zaintza, lana, bizitza eta herria erdigunean jarriz”.
Maiatzaren Lehena “mugarri”
Egunerokoan lanean jarraituko duten arren, “aurrean mugarri” bat dutela adierazi dute, Maiatzaren Lehena. Egun horretan, Azpeitian egingo dute manifestazioa, eguerdiko 12:00etan, plazatik abiatuta. Eskualdeko langileei manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die sindikatuak.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide