Utopismoa: Erreforma ala iraultza?

Asko dira, komuniston jarduna utopikotzat eta inozotzat jo duten ahotsak. Asko dira, hitzez, gure balio eta helburuak partekatzen dituztenak, baino aldaketak pixkanaka eta estatu egituretatik egiten direla esaten digutenak. Baina guk diogu, ze proposamen da benetan utopiko eta inozoa? Agian purutasun teorikoaren defendatzailetzat hartzen gaituztenak, errealitatearen azterketa serio batek, beraien ameskeria erreformisten mugak azaleratuko dituenaren beldur dira. “Gaur egun posible da iraultza?” galdetzen digute, baina kontua da: Gaur egun posible da erreforma?

Ofentsiba kapitalista betean gaude. Alde batetik, langileriaren bizi baldintzak maldan behera doaz inongo balaztarik gabe. Egunero ikusten dugu. Lehen mailako beharren prezioak (etxebizitza, elektrizitatea, janaria…) goraka doaz etengabe. Bizitzaren garestitze basati bat ematen ari da. Bitartean, langileriaren soldata zuzena, kateatuta edo beheranzko joeran doa etengabe eta lan erreforma berriak, bere apologeta ezkertiarrek kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere, ez du tendentzia hau alderantzikatuko. Are gehiago, horretan sakonduko duela dirudi. Estatuaren zerbitzuen bitartez jasotzen dugun soldata ere (laguntza ezberdinak, heziketa sistema, osasun sistema…) desagerpeneraino murrizteko bidean doa.

Bestalde, alderdi instituzional guztien babesarekin, langileon eskubide zibil eta politikoen murrizketa basati bat ematen ari da osasun publikoaren izenean. Eta politikari profesionalen zinismoaren adierazgarri garbia da, osasunaren aitzakia gure eskubideak suntsitzeko darabilten bitartean, lehenago ere barregarria zen langileoi bideraturiko osasun sistema publikoa baliabiderik gabe uzten ari direla. Hori bai, poliziaren baliabideak goraka doaz etengabe, zenbait ezkertiarrek azken hau lorpen garrantzitsu moduan saldu izan duten bitartean.

Eta panorama negargarri hau noren errua da? “Gobernuan dagoen alderdiarena” esaten digute, “bozkatu niri, nik salbatuko zaitut nire erreformen bidez” esaten digute. Baina, zer da estatua? Noiz, nola eta zergatik izan da posible erreforma? Posible da gaur egun?

Boterea ezarrita dagoen ente neutral moduan irudikatzen dute batzuk estatua. Horregatik uste dute (edo esaten dute), hauteskundeak “onek” irabaziz gero arazoak konpontzeko boterea izango dutela, erreformen bidez. Baina kapitalismoan boterea ez dago estatuan, eta hau ez da ente neutral bat. Boterea errekurtsoen gaineko kontrol ahalmen erreala da, eta botere burgesa diruan dago. Estatua, diruaren botere burgesari subordinatuta dago. Finantzaziorik gabe estatuak ez du inongo ahalmenik errealki ezer egiteko, beraz estatua finantzatzen duenak erabakitzen du, estatuak zer egin ahal duen eta zer ez. Nola erabakiko du estatuak osasungintzara errekurtso gehiago bideratzea errekurtsorik ez badu?

Beraz, noiz eta zergatik izan zen posible erreforma? Alde batetik, kapitalaren goraldi ekonomiko fase batean, non burgesiak bere irabazien zati bat, langileriaren zati bat sobornatzeko erabil zezakeen. Baina zergatik zen beharrezkoa soborno hori? Langileriaren iraultza, hau da, botere burgesaren suntsipena langile boterearen bitartez, aukera erreal moduan ageri zelako garai historiko horretan. Bi baldintza horiek izan dira gutxienez (beste batzuk bere eragina izan badute ere hirugarren munduaren ustiapena kasu zentro inperialistaren partetik), ezker erreformistari, maniobra aukera eman diotenak, estatuaren bidez langileriaren bizi baldintzak hobetzeko. Kapitalaren irabazi tasa handiak eta iraultza sozialistaren mehatxua.

Baina bizi dugun garaia oso bestelakoa da. Kapitala 2008tik ona buelta eman ezinik dagoen krisi larrian sartuta dago, eta 2020tik hona, krisi horren sakontze berri bat ematen ari da. Gainera, langile mugimendua bere porrot historikotik atera ezinik dago eta botere burgesak ez du bere aurka mehatxu errealik. Egoera honetan, ezker erreformistak ez du maniobra margenik. Goi burgesiak, bere dominazioa aurrera eramateko estrategia aldatu du. Jada ezin du langile klasearen zati bat sobornatu. Ez du beharrik ere, eta errepresioaren bidea hartu du: estatuen politikak kate motzean lotuta, alderdi instituzionalen arteko ezberdintasunak makillaje huts bihurtuta. Jada ikusi genuen Grezian.

Egoera honetan beraz, zein da alternatiba utopikoagoa? Erreformarako premisa beharrezkoak ez dauden garai historikoan burgesiari iritsiko ez diren limosnak eskatzen jarraitzea? Edo parlamentuko zirkutik eta alderdi politikoen iruzurretatik at, kalean berriz ere, langile boterearen hazia izango den antolakuntza politikoa indartzen hastea? Berriz ere kapitalari mehatxu erreal bat suposatu eta berriz ere burgesia kikilduko duen etorkizuneko langileriaren alderdi independenterako premisak gaur egundik jartzen hastea?

Komunistok argi dugu gure autua. Horregatik, urtarrilaren 29an Iruñan eta Bilbon, GKSk deitu dituen mobilizazioetan izango gara, burgesiaren ofentsiba ekonomiko eta politikoaren kontra eta langileriaren antolakuntza politiko independentearen alde.

Burgesiaren diktadura gelditu!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide