Albisteak

‘Viejoven’ taldea: “Bihar agertokira igo eta ondo pasatzeko momentua izango da guretzat”

Ikasturte berriko lehen kontzertuak izango dira bihar, ostirala, iluntzeko 22:30ean hasita Gaztetxean. Nevadah, The Grace of Dionysus eta Zestoako bost gaztek osatzen duten Viejoven taldeen musikaz gozatzeko aukera egongo da.

Zestoar boskotearen aurkezpen kontzertua izango da biharkoa. Janardana Iglesias, Ander Telleria, Beñat Etxabe, Ander Sorazu eta Manex Larrañagak osatzen dute taldea. Eurekin izan gara kontzertuaren aurreko azken entseguan eta ondorengo galderak erantzun dituzte:

Nondik sortu zen taldea sortzeko ideia?

Parrandan sortu zen zerbait izan zen. Beñat gabe bagenekien ez ginela musikalki ezer egiteko gai izango eta bera “fitxatu” genuen. Musikaz zekien norbait behar genuen.

Ostiraletan poteatu beharrean estazio zaharrera jaitsi eta musika jotzen hasi ginen, denbora pasa gisa. Gaztetxean egin zen bertsio gauerako zerbait prestatzen hasi ginen orduan. Denbora pasa bat da guretzat, musika piskat bat egin eta lagunartean egoteko momentua.

Viejoven izena aukeratu zenuten, zer dela eta?

Ojete Calor taldearen kantu baten izena da. Koadrilako zenbaiti “viejoven” deitzen hasi ginen, adarra jotzeagatik eta hortik dator izena. Oraingoz, hori da taldearen izena baina aldatu egingo dugu, ez dakigu noiz eta ze izen berri izango dugun.

Zuetako batzuk lehenago musika talde batzuetan ibiliak zarete, zerk bereizten du Viejoven talde horietatik?

Musikarako ideia bat, denetarik jotzen dugu, tanteatzen joaten gara. Gure kantuak egiten hasi bitartean gustatzen zaizkigun taldeen abestiak jotzen ditugu.

Ze musika motako bertsioak egiten dituzue?

Estilo ezberdinak lantzen ditugu. Rock, indie-rock…

Ze talderen kanten bertsioak egiten dituzue?

Red Hot Chilli Peppers, Foo Fighters, Two Doors…

Aurrera begira bertsioez gain zuen kantuak egiten hasteko asmoa duzue…

Ostiraleko kontzertuarekin bertsioen etapa amaituko dugu. Gure kantuekin zerbait probatzen hasi gara baina ezer handirik ez.

Nola zaudete ostiraleko kontzertuaren aurrean?

Guretzat ez da kontzertua izango. Gure egin ditugun beste talde batzuen bost abesti joko ditugu. Agertokira igo eta ondo pasatzeko momentua izango da guretzat.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide