Albisteak

VIII. Ekainfest ospatuko da larunbat honetan

Bizi Historiaurrearen xarma” lelopean, Ekain bailara promozionatzea helburu duen Ekainfest jaialdiaren zortzigarren edizioa egingo da larunbat honetan. Astearte eguerdian aurkeztu dute zortzigarren edizioa Zestoako Bainuetxean. Egun osoko egitarau aurkeztu dute. Bi gunetan banatu dituzte ekimenak: Zestoako herrigunean eta Ekainberrin eta Sastarrain bailaran. Bi guneak batzeko  “Tren txu txua” izango da. Herriko plazan izango du irteera eta Ekaingo kobaraino joango da. Egun osoan doako zerbitzua izango du.

Ekainfest ospatzen dela eta, herriko tabernariek pintxo eta menu bereziak eskainiko dituzte.Dirudienez, eguraldi bikaina egingo du eta aukera polita izango da familientzat eta lagun taldeentzat Zestoan egun polit bat pasatzeko.

Aurtengo edizioan Olinpiadak Ekainberriko zelaian egingo dira. Parte hartu nahi duenak 16:00etan bertan izen beharko du izena emateko. Probak aurreko urteetako antzekoak izango dira.

Hemen duzue egitaraua:

Ekainberrin eta Sastarrain bailaran

  • 11:00-19:00. Historiaurreko jarduerak: Ekainberriko erreplikara eta Lili Jauregira bisitak doan. Ekainberriko historiaurreko kanpamendua eta bizirauteko erabiltzen zituzten teknikak ezagutzeko aukera izango da: sua egiten eta arte labarra sortzen irakatsiko dute, besteak beste. Horiez gain, Sastarrain Baserri Eskolako zalditegiko pottokekin tailerrak eta jokoak egingo dituzte.
  • 12:00-14:00/16:00-18:00. Aritza Villalonga komisarioaren eskutik Ekainberrin dagoen ‘Hartzak Gipuzkoan’ erakusketa ezagutzeko aukera izango da.
  • 16:00. Ekainberriko IV. historiaurreko olinpiadak. Parte hartzaileek hainbat froga egin beharko dituzte: ehiza zirkuitua, sua egitea eta margolanak marraztea. Lehen hiru irabazleri urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak banatuko dizkiete. Oroigarriez gain, podiuma egiten duten hirurei Zestoako tabernetan afaria eta bainuetxean zirkuitu bana emango zaie.

Zestoako herrigunean

  • Egun guztian. Ekainfest tren turistikoa; txu-txu trena, doan.
  • Ekainfest Pintxo Tourra herriko tabernetan, eta eguerdian Ekainfest menu bereziak herriko jatetxeetan.
  • 18:30. Irrien Lagunen ‘Zatoz jolastera’ ikuskizuna. Historiaurrera egokitutako ikuskizunean Marikalanbre eta Largabista jolas egiteko gogoz daude, baina bildu diren lekuan ez dago parkerik, ez jostailurik… Irudimena dantzan jarrita eta publikoaren laguntzarekin, jolasteko mila modu daudela irakatsiko dute Marikalanbrek eta Largabistak.
  • 20:00. Arkumea burruntzian erreta eta zestuko trikitilariak.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide