Xoxotera mendi irteera (Korrika Kulturala)

AEK euskaltegiak, Anaitasuna Mendi Bazkunak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Agiro Mendi Klubak, beste urte batez, Korrikaren aldeko mendi irteera antolatu dugu martxoaren 10erako. Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik abiatuko gara, eta Izarraizpeko hiru herrietatik ateratako herritarrok Xoxoten elkartuko gara.

Korrika badator, eta herria girotzeko, mendi irteeraz gain, hamaika ekimen egingo ditugu:

ZESTOAN: bertso afaria (martxoaren 2an, larunbatean) eta “Korritxotxa” (martxoaren 15ean), besteak beste.
AZKOITIAN: Anaitasunaren Korrika Txikia (martxoaren 2an, futbol zelaian); Bizkarsoro (martxoaren 17an)…
AZPEITIAN: Korrika Eguna (martxoaren 16an)

Martxoaren 10eko mendi irteerari dagokionez, azkoitiarrek Balda plazan dute hitzordua, 9.30ean aterako dira; azpeitiarrek udaletxepean, 9:30ean; bide laburragoa nahi dutenak, berriz, Attolan elkartuko dira, 10:00etan; eta zestoarrak, Gurutzean 09.15ean, kotxez Ondarbasora igotzeko eta handik abiatzeko. 11.30ean elkartuko gara tontorrean, Xoxoteko aterpetxean, argazkia atera eta mokadutxoa egiteko.

Mendi irteeran parte hartu nahi dutenek txartelak erosi beharko dituzte herriko taberna jakin batzuetan; hala, zenbateko taldeak izango garen aurreikusiko dugu eta Xoxoteko aterpetxean mokadua zenbat lagunentzako prestatu behar duten jakingo dugu.
Txartelak Lujan eta Zurten egongo dira Azkoitian, Mendizaliek tabernan Azpeitian, eta Portalen Zestoan, otsailaren 26tik martxoaren 7ra arte, 5 euroan. Txartelaren truke, txorizo pintxoa eta edaria egongo dira. Barazkijaleen kasuan, gazta eskatu ahalko da momentuan bertan, nahiz eta txartelean txorizo pintxoa jarri.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide