Zabalik dago Errigoraren saskiak eskatzeko epea

Urtero bezala, aurten ere Errigoraren saskiak eskatzeko epea zabalik dago, azaroaren 13ra arte. Aurtengo “Euskarari Puzka” kanpainaren leloa “Ezinbestekoak” da.

Izan ere, Nafarroa erdi eta hegoaldean lanean ari diren euskalgintzako eragileak (AEK, Sortzen, Ikastolak eta Agerraldia) ezinbestekoak dira euskararentzat. Euskarak zonaldean arnasa har dezan bertatik eta bertarako egiten dute lan. Zuhaitz bat balira bezala hizkuntza sustraitzeko lanetan ari dira, baina baita bertako euskaldunek arnasa har dezaten aire kutsatua garbi bilakatzen ere. Udaberriro-udaberriro loratzen dira, hizkuntza ez dadin zimeldu.

Lanean jarrai dezaten, ezinbestekoak garenak gainontzeko lurraldetako euskaltzaleok gara. Asmo horretan auzolana dugu tresnarik baliotsuena, ezinbesteko elkartasun-keinua baita Euskarari Puzka kanpaina, saskiak eskatuta balioaren %25a Ager zonaldeko euskalgintzara bideratzen delako.

Aurten ere hiru saski daude hautatzeko, beltza (60 €), berdea (65 €) eta gorria (70€). Eskaerak egiteko errigora.eus webgunean duzue aukera. Behin eskaerak egiteko epea igarota, azaroaren 27an iritsiko dira Zestoara, eta banaketak bi egunetan egingo dira, azaroaren 27an bertan, arratsaldez (16:30-17:30) eta azaroaren 28an, eguerdian (12:00-13:00).

Zure ekarpena ezinbestekoa da!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide