Albisteak

Zazpi milioi euroko aurrekontua izango du Zestoak datorren urtean

Zestoako Udalak 2026rako aurrekontuak aho batez onartu ditu, zazpi milioi euro inguruko kontu sailarekin. Ekainberriko epaiaren ondorioz ezarritako kontrol finantzarioaren pean egingo duten azken aurrekontua izango da, eta muga horien barruan hainbat inbertsio estrategiko lehenetsi ditu erakundeak, batez ere arlo sozialean eta azpiegituretan.

Asteartean, abenduak 16, egin zuten urteko azken udalbatzarra, ohikoa ez den egunean, eta bertan eztabaidatu zituzten bai aurrekontuak bai Zestoako Talde Feministak aurkeztutako mozioa. Mozio hori bilkuraren amaieran landu zuten, hasieran aurreikusita zegoen moduan, nahiz eta talde feministak lehen puntuan eztabaidatzea eskatu.

Gizarte zerbitzuak eta irisgarritasuna, lehentasun

Udal gobernuak azaldu zuenez, aurrekontuaren inbertsio nagusietako bat Kale Okerrean kokatuko den eguneko arreta gunea izango da. Lehen Sabadell banketxearen egoitza izan zen lokalean jarriko dute zerbitzua, eta Aldundiaren 350.000 euroko diru laguntzari esker egingo dute. Zaintza ekosistemaren barruan kokatutako gune sozial gisa ulertzen dute proiektua, eta 2027an martxan jartzea dute helburu.

Irisgarritasunari lotuta, Arroabeko igogailuaren lanekin jarraituko dute, aurten hasitako exekuzioari amaiera emanez datorren urtean. Halaber, Iraetako futbol zelaiko argiteria LED sistemara aldatuko dute, energia kontsumoa murrizteko eta instalazioak eguneratzeko asmoz.

Alkateak adierazi zuen belar artifiziala berritzeko beharra ere badagoela Iraetan, baina oraingoz ez dutela horretarako baliabide ekonomikorik. EAJk, bere aldetik, diru laguntzak lortzeko konpromisoa hartu zuen.

Aurrekontuak, muga zorrotzen barruan

Mikel Arregi alkateak gogorarazi zuen udalak bete beharko dituela Gipuzkoako Foru Ogasunak ezarritako hiru baldintzak: aurrekontua ez handitzea, defizita zero izatea eta zorpetzea %30etik beherakoa izatea. Baldintza horiek direla eta, 2026ko aurrekontua aurreko urtekoa baino txikiagoa izango da, nahiz eta kontrol finantzariopean jardungo duten azken urtea izango den.

Testuinguru horretan, Arregik azpimarratu zuen aurrekontuak aho batez onartzea ez dela ohikoa hauteskunde zikloa gerturatzen denean, eta adostasun hori positibotzat jo zuen.

EAJren babesa, ñabardurekin

EAJren bozeramaile Garikoitz Mendizabalek adierazi zuen aurrekontuen aurrean jarrera “eraikitzailea” izan dutela. Oro har, udal gobernuaren proposamenarekin ados daudela esan zuen, Kultur Etxeko berrikuntza proiektuaren partidarekin salbu. “Kontrol finantzarioa izanik, ulergarria da lehentasunak modu honetan finkatzea”, azaldu zuen.

Halaber, EAJk egindako hainbat proposamen aipatu zituen, besteak beste, mugak digitalizatzeko proiektua berreskuratzea, autobus geltoki seguruagoak jartzea, auzoetako aparkalekuak hobetzea, kirol arloan euskara sustatzea eta Zestoan zinea liburua argitaratzea. Dena den, aurreko agintaldiko esperientziari erreferentzia eginez, hartutako konpromisoak beteko diren ikusteko dagoela ohartarazi zuen.

Lan eskaintza publikoa eta bestelako erabakiak

Udalbatzarrean, gainera, 2026rako lan eskaintza publikoa ere onartu zuten aho batez. Hiru lanpostu beteko ditu udalak: liburuzainarena, arkitektoarena eta udaltzainarena. Era berean, EUDELek proposatutako udal langileen soldata igoerak eta 2026rako ordenantza fiskalen behin betiko onespena ere babestu zituzten talde guztiek.

HAPOari aurkeztutako alegazioak direla eta, jendaurreko epea luzatzea erabaki zuten, talde teknikoak alegazioak behar bezala lantzeko aukera izan dezan. Beraz, urtarrilaren 15ean amaituko zen jendaurreko epea, 2026ko otsailaren 15ean amaituko da.

Agur instituzionala

Bilkuraren amaieran, EH Bilduko zinegotzi Zigor Plazaolak kargua utzi zuen. Alkateak eta oposizioko bozeramaileak eskerrak eman zizkioten egindako lanagatik. Plazaolaren dimisioarekin, azken hiru urteotan izandako beste kargu uzte bat gehitu zaio Zestoako Udaleko agintaldiari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide