Albisteak

Zentroa hartzearen inguruko azalpenak emateko bilera egin du gazte asanbladak

Zentroa hartzearen inguruko azalpenak emateko batzar irekia egin zuen atzo arratsaldean gazte asanbladak. Jakin-mina piztu zuen saioak, eta 40 lagunetik gora bildu ziren Alonderon.

Saioaren hasieran gaztetxea lekualdatzeko prozesuaren bilakaera azaldu zuten, eta ondoren, azken egunetako gertakariak izan zituzten hizpide. Urtarrila amaieran Udalak, elizak eta gazte asanbladak osatutako hiruko mahaia bildu zela azaldu zuten. “Urte eta erdiko prozesu bat eta gero bilera horretan erantzun bat jasotzea espero genuen, eta ez zen horrela izan. Legegintzaldia amaitzear da, eta prozesua geroz eta gehiago luzatuko da. Ez gaude beste urtebete itxaroteko prest. Ondorioz, zentroa hartzea erabaki dugu”.

Asanbladak momentuan duen helburua “egoera egonkortzea” dela esan zuten, horretarako “udalarekin eta elizarekin tratu batera heltzea” ezinbestekoa dela argudiatuta. Udalak azken egunetan hartutako jarrera “prozesua osoan izan duenaren antzeakoa”  dela adierazi zuten: “Orain arte bezala, gu ari gara Udala presionatzen eta beraiek elkarrizketak martxan jartzen saiatzen ari dira”. Elizari dagokionez, telefonorik ez dietela hartzen azaldu zuten, ez asanbladako kideei, ezta udalari ere.

“Pixkanaka” zentroan “lanean hastea” da asanbladaren helburua: “Auzolan bidez espazio egokitzen joatea da gure asmoa. Barruan lanak egiten hasi gara, eta bide horretan jarraituko dugu. Kanporatzea ematen bada, espazio hori geure egiteko borrokan jarraituko dugu”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide