Albisteak

Zestoa 2030 Herri Plangintza aurkeztu dute

Juanjo Allur, Karmelo Mendizabal, Mikel Arregi, Joseba Illarramendi eta Saioa Lasa udaletxeko areto nagusian.

Prozesu horretan, Zestoari buruzko diagnostikoa eta Udalaren barne antolamendurako plan estrategiakoa osatu dituzte Siadecok eta Euskalit kudeaketa aurreratuko erakundeak.

Zestoa 2030 Herri Plangintzaren inguruko argibideak emateko prentsaurrekoa egin dute gaur eguerdian udaletxeko areto nagusian. Bertan izan dira Mikel Arregi Ertxin alkatea, Karmelo Mendizabal EAJko zinegotzia, Saioa Lasa eta Joseba Illarramendi San Juan Fundazioko zuzendaritzako kide eta Euskalit kudeaketa aurreratuko ordezkariak eta Siadeco Juanjo Allur Siadeco Ikerketa Elkarteko teknikaria.

Iragan azaroan eman zuten Zestoa 2030 Herri Plangintza osatzen hasteko lehen pausoen berri eta gaur, orain arte egindako lanari buruzko azalpenak eman dituzte. Prozesu guzti honen helburua, Zestoako herriari begira 2030erako “ibilbide orri bat” egitea dela azaldu du Arregik: “Udalak egitasmoaren aurren urratsak eman ditu eta orain, etorkizun hurbilera begira herri plangintza estrategiko horretan eman beharreko pausuak zehazten joango gara. Herri eta udaletxe bezala, helburu batzuk mahai gainean jarri eta norabide bat finkatuko dugu herri hau bizitzeko bideragarria izan dadin. Ongizate ikuspegi batetik, bertako herritarrak ahalik eta bizi zoriontsuena egiteko baliabideak izatea da honen helburua”.

Karmelo Mendizabal EAJko zinegotziak azaldu du bi alderdiek adostu dituztela estrategiak eta prozesu honetan agertutako proiektuak hamar urtera begira “interesgarriak” direla. Auzoei “bere garrantzia” eman zaiela ere azpimarratu du eta hori ezinbestekotzat jo du.

Prozesu horretan bi ariketa jarri dituzte martxan: herriari begirakoa eta udaletxera begirakoa. Herriari begirako prozesuaz Siadeco enpresa arduratu da eta udalari begirakoa, Euskalit kudeaketa aurreratuko erakundeak bideratu du. Arregik bi erakunde horiek eta Udalak izan duten lankidetza eskertu nahi izan du.

Barne lanketa

Arregik azaldu du legealdiek “bere iraupena” dutela eta arduradun politikoak “epe jakin baterako” egoten direla udaletxean. Udal langileek, ordea, beren bizi profesional guztia erakunde horren baitan egiten dutela nabarmendu du. Hori dela eta, udalean barne ariketa bat egin dute. Horren helburua, ibilbide edo martxan jarri nahi dituzten proiektuak gauzatzeko ahalik eta udal doituena eta eraginkorrena izatea dela esan du.

Lan hori, San Juan Fundazioko zuzendaritzako kide diren Saioa Lasa eta Joseba Illarramendik egin dute. 2019an, Euskalit kudeaketa aurreratuaren saria jaso zuten eta ordutik talde horretan ebaluatzaile funtzioa ere betetzen dute. Udalak eta fundazioak zuzeneko harremana dute eta Joseba Illarramendik azaldu du, elkarlan horri lotuta eta Udalak agertu zuen interesari erantzuteko asmoz, udalaren plan estrategiko bat lantzen hasi zirela. Plan hori osatzeko, udalean dauden bi alderdietako ordezkari eta udal langile guztiekin elkarrizketak egin dituztela azaldu du Lasak. Lanketa horretan, langile bakoitzak bere lan antolaketan ikusten dituen aukera, mehatxu, indargune eta ahuleziak detektatu dituzte. Elkarrizketa horietan bildutako informazioa oinarri hartu eta Udalaren plan estrategikoa osatu dute.

Illarramendik hiru gauza azpimarratu nahi izan ditu: batetik, prozesua “askatasun guztiarekin” egin dutela esan du eta elkarrizketa guztietan “gardentasun osoz” jokatu dutela gaineratu du. Bestetik, Udalak izan duen “ausardia maila” nabarmendu du. Horrelako prozesu bat martxan jartzeak onura eta aldi berean arriskuak dituela esan du: “Lanketa hau biluzte prozesu bat da. Autokritika asko egin behar da eta asko ikasteko prestutasuna izan behar da. Uste dut udaletxe mailan pausu handi bat eman dela”. Azkenik, plan hau “adostasunez” lortu dela gaineratu du eta hori “garaipen” bat dela uste du: “Aurrera begira perspektiba oso on batean jartzen gaitu eta ni, zestoar bezala, asko pozten naiz”.

Herritarrak ardatz

Siadecok, berriz, udaletik kanpora begirako lana egin du. Ibilbide hori egiteko, ezinbestekoa izan da herritarren parte hartzea. 300dik gora herritarrek online bidez erantzundako inkestetako informazioa jaso dute. Bestalde, 50 pertsona ingururekin bildu dira, zuzeneko elkarrizketak egiteko. Allurrek azaldu du “gustura” daudela herritarrek izandako parte hartze milarekin: “Prozesu horretan garrantzia eman zaio, auzo, adin edo jatorri ezberdineko herritarren parte hartzeari. Zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, hobeto. Zestoarrek aukera izan dute beraientzat garrantzitsua den horri buruz hitz egiteko, proposamenak egiteko edo kexak adierazteko”.

Informazio bilketa horrekin batera, zeharkako beste ariketa bat ere egin dutela jakinarazi du: “Eustatek eskaintzen duen informazioa erabiliz, Zestoa beste herri batzuekin jarri dugu parez pare: eskualdeko beste herri guztiekin eta Gipuzkoan 3.000 eta 5.000 biztanle artean dituzten beste herriekin”. Informazio horri esker Zestoaren “bereizgarriak” zein diren jakingo dute.

Zestoa 2030

Herritarrek emandako informazioarekin osatutako diagnostikoa kontuan hartuta, Zestoa 2030 Herri Plangintza proposamena osatu du Siadecok. Udalaren funtzionamendua, proiektuak eta herritarren beharrak kontuan hartuta osatu dute dokumentua eta Udalaren esku utzi dute. Allurrek azaldu du ez dela dokumentu “itxi” bat, “doitzen” joan beharreko dokumentua dela: “Udalak diagnostiko bat eta plan bat ditu, herrigintzaren alor guztiak bildu eta kontuan hartzen dituena. Arlo askotan eraginkorrak izateko elkarrekin aritzeko politikak aplikatu behar da. Udalak, gainera, badauka plan estrategiko bat, udaletxeko barne funtzionamendua egokitu eta hobetzen joateko planteamendua daukana”. Allurrek jakinarazi du diagnostikoa eta herri plangintzaren proposamena Zestoako Udalaren webgunean izango dela eskuragai datozen egunetan.

Prozesu hau “hasierako fasea” izan dela azaldu du alkateak eta udazkenetik aurrera, egitasmo guzti horien egikaritza “mahai gainean” jarriko dutela. Herrigune zein auzoetan bilerak egingo dituztela adierazi du eta zestoarren inplikazioa “ezinbestekoa” izango dela azpimarratu du, “benetako plangintza batek ezin du udaletxeko lau pareten barruan gelditu” esan du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide