Albisteak

Zestoa itxita egongo da bihartik aurrera

Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren gaineko datuak eguneratu berri ditu, eta horien arabera, zazpi kasu atzeman dituzte Zestoan ostiraletik igandera bitartean egindako frogetan. Hori horrela, intzidentzia tasa 590,65ra igo da eta oinarrizko birsorkuntza tasa 2,56koa da. Bihartik aurrera, neurri murriztaileak ezarriko dituzte Zestoan ere.

Neurri horien arabera, ezingo da udalerritik irten edo sartu, ezinbesteko egoerak salbu. Hala ere, mugakide diren udalerrietara joan ahal izgango da, erosketak egitera eta aire zabalean jarduera fisikoa egitera. Horrez gain, taberna eta jatetxeetan, aire zabaleko terrazetan zerbitzua eskainiko dute orain arteko ordutegi berean. Lokalen barruko jendaurreko ordutegia murriztu egingo da ordutegi tarte hauetara: 06:30-09:30 eta 13:00-16:30.

Ariketa fisikoa egiteko orduan, barnealdeko kirol-jardueretan ezingo da lau pertsona baino gehiagoko taldeetan egin, talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketei dagozkienak izan ezik. Kirol-instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik.

Eskualdea gorrian

Eskualdean gora egiten jarraitzen dute koronabirus kasuek. Asteburuan 190 kasu atzeman dituzte, gehienak Zarautzen, 81 hain zuzen. Azkoitian eta Zumaian 28na kasu baieztatu dituzte, 17 Azpeitian, 15 Orioz, 10 Aian eta 4 Getarian. Azkoiti, Azpeiti, Zumaia, Getaria, Orio, Zarautz eta Aia ere eremu gorrian daude. Aizarnazabal, Errezil eta Beizama daude, momentuz, eremu horretatik kanpo.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide