Albisteak

Zestoa-Urepele senidetze ekitaldiaren data finkatu da

Atzo elkartu zen aurreneko aldiz Zestoa-Urepele senidetze proiektuari forma emango dion taldea eta besteak beste senidetzearen aurreneko ekitaldia noiz izango den zehaztu zuten, azaroaren 18an, hain zuzen ere.

Zestoako Udalak esku artean aspalditik zeukan gaia da Urepelekin senidetzeari dagokiona, gaia lantzera bertara joanak ere badira ordezkari batzuk. Proiektua lantzen hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluen “Ideiak 2023” ekimenean parte hartzea erabaki zen orduan. Bozketa fasea etorri zen ondoren herriko jaiak zirela baliatuta. Guztira 600 herritar inguruk eman zuten bozka eta 20.000 euroko dirulaguntza lortu zen. Nolabaiteko gaia gizarteratzea izan zen.

Mikel Arregi alkateak eman zituen atzoko bileran proiektuaren inguruko aurreneko azalpenak. Bere esanetan “ez dute gauza instituzional huts bat izatea nahi” herritarren eta talde eragileen parte hartzea nahi dute proiektuan; dantzariak, bertsozaleak, mendizaleak, irakasleak…

Lotura eta ezberdintasunak

Urepele eta Zestoak badituzte ezberdintasunak, biztanle kopuruari dagokionean esate baterako, haiek 400 inguru dira, baina proiektua ez da herrira bakarrik mugatuko, bailarara baizik. Zestoan, berriz, geroz eta gehiago gara. Zestoa gune industrializatuan dago, Urepelen, aldiz, lehen sektorea da nagusi.

Bertsolaritzak egiten du, dena den, bi herrien arteko lotura zuzen edo nabarmenena: gure Uztapide eta Urepeleko Xalbador.

Urtean zehar egitekoak

Behin harremana sortuta, urtean zehar egin daitezken ekimenek askotarako eman dezaketela aipatu zen bileran; hango eta hemengo ekoizleak elkartu eta ikastaro edo ekintzak antolatzea esaterako. Zestoan sortzen ari diren nekazari giroko hainbat proiekturekin bateragarria ez ezik, esperientziak konpartitzeko aukera aipatu zen taldean.

Beste hainbat ideia ere aireratu ziren: herriko hiru eskoletan lantzeko material didaktikoa sortzea, eskola umeen elkartrukeak egitea, kirolari begira txirrindularitza edo pilota aldetik zerbait egiteko aukera, bertsolaritzari dagokionean, 1967an Uztapide eta Xalbadorrek buruz-burukoa egin zuteneko txapelketa hura gaur egunera ekartzea, aisialdiari begira, Zestoa-Urepele ibilbidea fisikoki edota digitalki markatzea…

Harremanak aukera asko eman ditzakeela eta pixkanaka lantzen joatea dela asmoa esanez amaitu zuen Arregik ideia zaparrada.

Senidetze ekitaldia

Azaroaren 18an izango da Zestoan senidetzearen aurreneko ekitaldia eta azaroaren 26an, berriz, Urepelen. Udaletxeko plenoa aretoan egingo da ekitaldia, eguerdiko 12:00etan. Herriko eragileek lagunduta, bi udaletako ordezkariek manifestua irakurri eta sinatuko dute. Ekitaldian musika izango da eta ondoren plazan sokadantza egingo dute sokaren bi muturretan alkateak jarrita eta tartean bi herrietako ordezkariak txandakatuz.

Azaroak 26an, igandean, izango da Urepelen txanda. Zehazteko geratu zen hara bertaratzeko antolaketa.

Aurrera begira

Azaroko ekitaldiak pasata, urtero errepikatuko den “Urepele eguna”, Zestoan eta “Zestoa eguna” Urepelen datak finkatzea falta da. Itxura guztien arabera, Udaberrian, maiatza aldera izango da Zestoan, “Urepele eguna”, eta udazkenean han, Urepelen, “Zestoa eguna”, lehen sektorean udazkenean hasten baitira lurrari lotutako lanak arintzen.

Hurrengo hitzordua

Azaroko ekitaldiak pasata, abenduaren 15ean, arratsaldeko 18:00etan, elkartuko da taldea berriz. Ordurako ideia eta jende berrira erakartzea da asmoa Urepele eguna eta urtean zeharreko egitasmoei forma ematen jarraitzeko.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide