ZESTOAKO AEK EUSKALTEGIA – Ikasturte hasiera

Urriaren 3an hasi genuen ikasturtea eta bi aste pasa ondoren martxa onean goazela esan dezakegu. Zestoa herri txikia izatean, aurrez-aurreko taldeak osatzeko zailtasunak izaten ditugu, maila bertsua duten eta ordutegi berean etor daitezkeen 6-8 pertsona behar izaten baitira taldea osatzeko. Hori dela eta 2016-2017ko ikasturtean aurrez-aurreko talde bakarra izango dugu, hasiera mailakoa, hain zuzen. Gainontzeko ikasle guztiak, 24 pertsona, autoikaskuntza modalitatean arituko dira. Astean tutoretza batera eta mintza-saiora etorri beharko dute eta gainontzeko lana bakarka egin beharko dute etxean.

Honako hauek dira aurtengo taldeak:

  • Aurrez aurreko taldea: Hasiera maila, astelehenetik ostegunera, 17:20tik 19:20ra
  • Autoikaskuntzako taldeak: A2-B1 mailako taldea (mintza-saioa asteazkenetan 19:30ean eta ostegunetan 14:30ean)
  • Alfabetatze taldea (mintza-saioa astearteetan 10:30ean)
  • B2 mailako taldea (mintza-saioa astelehenetan 18:30ean)
  • C1 mailako taldea (mintza-saioa astearteetan 18:00etan eta asteazkenetan 10:00etan)

Bulegoko ordutegia astelehenetan 9:00etatik 12:00etara eta ostegunetan 9:00etatik 14:00etara izango da. Ordutegi horretatik kanpo gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, 670 420 048 telefonoan edo zestoa@aek.eus helbidean eska daiteke hitzordua.

Klaseez gain kanpo-ekintzak ere antolatzeko asmoa dugu. Azaroaren 4an, esate baterako, Mikel Markezen hitzaldi musikatua izango dugu, Danbolinekin batera antolatu duguna. Euskararen Nazioarteko egunerako ere badarabilkigu zerbait buruan, aurrerago jakinaraziko dizuegu. Eta ezin dugu ahaztu 2017a Korrika urtea izango dugula. Beraz, adi gure deialdiei eta parte hartzeko prest egongo zaretela espero dugu. Gure berri izateko, egin zaitezte gure facebook-eko jarraitzaile!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide