Albisteak

Zestoako AEK euskaltegian izena emateko epea zabaldu da

Atzo, irailak 2, Zestoako AEK euskaltegian 2020-2021 ikasturterako izena emateko epea zabaldu zen. Aurtengo testuingurua ezberdina izan arren, AEK-k aurrera jarraituko du, ikasturte honetan ere herritarrek euskara ikasteko aukera izan dezaten.

Irakasleen balioari indarra eman nahian, ‘Irakasle batek bik beste balio du’ leloarekin hasi du kanpaina Zestoako AEK-k. Irakasleen esperientzia eta eskarmentua batetik, eta haien pasioa eta gogoa bestetik, txanpon beraren bi aldeak dira; batetik, irakasleak gai dira ikasleak ikas prozesuan aurrerantz egin dezan, eta, bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, irakasleak  euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikas dezala nahi du.

Ohiko ikastaroekin jarraituko duela jakinarazi du Zestoako AEK-k. Hori bai, unean uneko osasun neurrietara egokituko dira eta prebentzio neurri guztiak hartuko dituzte. Zestoako AEK-k aurrez aurreko saioak, autoikaskuntza eta online ikastaroak eskainiko ditu, maila guztietan: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 (online). Mintzalagun taldeak ere izango dira, “astean ordubetez elkartzeko eta mintzamenari bultzada emateko”.

Zestoako Udalaren dirulaguntzei esker, gainera, doan ikasteko aukera izango da ondorengo baldintza hauek betez gero:

  1. Zestoan erroldatuta egotea.
  2. 16 urte beteta izatea.
  3. Gutxienez %85eko asistentzia izatea ikastaroan.

Matrikulazioa irailaren 23ra arte egongo da zabalik. Aurtengoan, koronabirusa dela eta, itxita dago Kultur Etxeko sarrera nagusia. AEK-ko arduradunak sarrerako gelan izango dira aurrez aurreko arreta eskaintzen astelehenetik ostegunera 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara. Nahiago izanez gero, zestoa@aek.eus helbidera idatzi edo 670 420 048 telefonora ere deitu daiteke.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide