Zestoako AEK-n euskara eta abar (Sorkunde Etxezarreta)

Ikasturte amaiera gerturatzen ari zaigu eta aurtengoan bizi izan duguna herritarrekin konpartitzea polita litzatekeela pentsatu dugu. Gaurkoan gurean alfabetatzen ari den Sorkunde Etxezarretaren balorazio pertsonala dakarkizuegu txoko honetara! Datorren astean ere elkarbanatuko ditugu beste hainbat kontu eta anekdota. Ordura arte, Sorkunderekin uzten zaituztegu:

 

AEK-ko aurtengo ikastaroa, 2018-2019, amaitzear dago; une aproposa, beraz, atzera begiratu eta egindakoei errepasotxo bat emateko.

Autoikaskuntzan gabiltzanoi, aurtengo ikastaroan gai berezi bat lantzea proposatu zigun gure andereƱo den Elik: autogestioa eskoletako jangeletan. Helburua zen, bereziki, Zestoako eskolako jangelako erabiltzaileen asebetetze-diagnosia egitea, inkesta baten bidez.

Eskolako zuzendaritzak inkesta egitea onartuko balu, eta AEK-ko autoikaskuntzako ikasleok proiektu hau aurrera atera nahiko bagenu, datorren ikastarorako lana izango dugu.

Ikasturte honetan, jangeletako elikadurari buruzko hamaika artikulu aztertu ditugu, non argi irakur daitekeen egun eskoletako jangela gehienek cateringa erabiltzen dutela eta hauetan erabiltzen diren elikagaien %90 kanpokoak direla.

Hori horrela bada ere, mugimendu baikor bat pixkanaka indartzen ari dela ohartu gara; hau da, bertako sukaldea bertako jakiekin. Bertako nekazaritza sustatu eta babestu nahi duen mugimendua, hain zuzen ere.

Gai honi buruz zuzenean jakin genezan, goiz bateko txangotxo bat egin genuen Azpeitiko “Elikagunea” dendara. Bertan, 150km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik saltzen dituzte eta egunero egiten dituzten plater prestatuetan erabiltzen dituzten elikagaiak ere, %100 bertakoak dira.

Elikaduraren gaia gustuko dut, jaten eta edaten dugunak eragin handia baitu geure osasunean. Beraz, gai honi jarraipena emango diogun esperantzan nago.

Beste ateralditxo bat ere antolatu genuen. Oraingoan, inguruak oraindik ezagutzen ez ditudanaren aitzakia medio, San Prudentzion egin genuen geure mintza-saioa. Ibilaldi ederra izan zen hura. Inguruko energiaz beteriko txokoetara eraman gintuen gidari izan genuen Encarnik. Geuk eramandako hamaiketako bikaina, berriz, Askizuko auzoan egin genuen, bapo geratu ginen arte. Eta bukatzeko, kafea Zumaian. Benetan goiz ederra izan zen hura; ikasgela barruan ditugun mintza-saioak gutxietsi gabe, noski.

Hemendik gutxira, Santa Engrazira goazela entzun dut.

Bestalde, Zestoan euskararekin zerikusirik duen ekintzaren bat badago, seguru asko AEK partaide. Hala, joan zen abenduan AEK-k eta Danbolinek batera festa ederra prestatu ziguten Zestoan. Lehenengoak, urtero Euskararen Egunaren bueltan ekintzaren bat antolatzen duelako eta bigarrenak, 200. alea argitaratu zuela ospatzeko. Arkupetan bildu ginenok ardoa dastatuz, saltxitxak janez eta aho bizi-biziz kantatuz gozatu genuen goiz eta eguerdia. Hura bai giroa!

Aurrera jarraituz, AEK-k interesaturik zeuden herritar guztientzat antolatu zuen beste ikastaro bat, hitano ikastaroa, hain zuzen. Sei aste iraun zituen ikastaro honek, Ritxi Lizartzak eman zigun ostiral arratsalde eta larunbat goizetan. Kopetak izerditan izan bagenituen ere, algara galantak egin genituen ikastaroan zehar.

Merezi izan du ikastaro honek, zaila egin bazitzaidan ere, gustura jarraitu nuen, euskara egoera ezberdinetan erabiltzeko aukera areagotu egin baitzait.

Interesaturik gaudenontzat, AEK-k hitanoa astean behin praktikatzeko aukera eskaini digu.

Orain arte adierazitakoaz gain, AEK-ko kontuetan Korrika aipatu beharra dago. 21. Korrika Zestoatik igaro zen eta herritar askok parte hartu ere bai. Hainbat astetan zehar Zestoako kaleetan Korrikako prestakuntzak present egon ziren, apirilaren 12rako giroa berotuz. Gazteek antolatutako Korrikako bertso-afarian ere egon ginen hainbat herritar, gazte eta ez hain gazte, giro onean.

Aizu, eta euskararen erabilera nolabait bultzatu nahiko zenukeela? Bada, Mintzalagun egitasmoa ere badago herrian. Izan zaitez mintzalagun!

Bukatzeko, honako hau azpimarratu nahi dut: Zestoako AEK-ko langileak gogoz ari dira. Bai ikasgeletan eta bai ikasgeletatik kanpo antolatzen dituzten ekintzetan, argi asko ikus daiteke diodan hau. Lana gogoz egiten den lekuaren giroa atsegingarri denaren iritzia dut eta horrela, ni gogo onez joaten naiz astero AEK-ra, mintza-saio eta tutoretzara. Parte naizen mintza-taldeko giroa bikaina da eta kideak, lagun ezin hobeak.

Datorren ikastaroan, ostera, AEK-k hortxe izango nau ikasle. Bai horixe!

Beraz, oporretatik bueltan ikusiko dugu elkar; ordura arte, bejondeizuela!!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide