Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Zestoako Udalak Saharako errefuxiatu kanpamenduetara bidali du herrian Auzobus zerbitzua ematen zuen furgoneta. Ibilgailua duela urtebete inguru utzi zen erabiltzetik, eta orain bizi berri bat izango du Saharan.
Ekimenaren jatorria iaz udal ordezkariek Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara egindako bidaia batean dago. Orduan berritu zuten Zestoaren eta Tichla herriaren arteko senidetze hitzarmena, eta bisitan ohartu ziren hemen zerbitzutik kanpo geratutako ibilgailuak erabilgarritasun handia izan zezakeela kanpamenduetan.
Furgoneta gurpildun aulkidun pertsonentzat egokituta dago, eta mekanikoa izanik, mantentzeko eta konpontzeko errazagoa da bertako baldintzetan. Hori dela eta, Saharan laguntza baliotsua izan daiteke.
Ibilgailua martxoaren 14an, larunbata, abiatuko da Donostiatik, Sahararen aldeko elikagai karabana solidarioarekin batera. Aurten ekimenak 50 tona elikagai bildu ditu errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko.
Zestoako furgonetak, gainera, material ugari eramango du barruan: 17 gurpildun aulki, 9 taka-taka, muletak, pixoihalak, botilak eta bi mikrouhin labe industrial.
Behin kanpamenduetara iritsita, ibilgailua Bucraako hirugarren adinekoen egoitza batera bideratuko dute, bertako adinekoen mugikortasuna errazteko eta egunerokoan lagungarri izan dadin.




