Albisteak

Zestoako bandera jaso du Realak

Apirilaren 3an Reala eta Athleticek Kopako finala jokatuko dute Sevillan. Pandemia dela eta, zalerik gabe jokatuko dute partida. Gipuzkoarrak gertu sentitzeko asmoz, Gurekin kanpaina jarri du martxan Realak. Zaleen babesa sentitzea dute helburu eta horretarako, Gipuzkoako udalerrietako banderak jasotzen ari dira Sevillara eramateko. Realako autobus ofiziala herriz herri dabil, herrietako banderak jasotzen. Herri bakoitzean bandera txuri-urdina uzten dute bueltan. Bandera horiek, udaletxetako balkoietan jarriko dituzte.

Zestoako Udalak ere bat egin du egitasmoarekin eta gaur goizean izan da autobusa herrian. Aitor Salegi eta Beatriz Zubia EH Bilduko zinegotziek entregatu dute herriko bandera. Michelle Loinaz Realeko jokalari ohia eta Joseba Ibarburu izan dira Gurutzean. Jesus Ruiz kontseilari zestoarra ere hemen izan da.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide