Albisteak

Zestoako EH Bilduren prentsa oharra

Jarraian irakurgai duzuen prentsa ohar hau bidali digu Zestoako EH Bilduk gure postontzira (info@danbolin.eus):

Pasa den asteburuan bete dira 30 urte GAL  erakundeak Baionako Monbar hotelean lau euskal herritar, hauen artean Xabin Etxaide herritarra, hil zituenetik eta urtero legez, senide eta lagunek antolatutako oroimen ekitaldia burutu zen irailaren 26an Zestoan.
Aurtengoak bazuen izaera berezi bat, alde batetik, aurreneko aldiz, herriko biktima bati egiten zaion oroimen ekitaldian udalak parte hartu izana, ETAk hildako Joxe Mari Kortaren omenez egindakoan hain zuzen. Eta bestetik, irailaren 4an, Urkulu Lehendakariak, biktimen herrietako alkateekin izandako bilera eta hauei jaurlaritzak prestaturiko biktimen herriz herrikako maparen aurkezpena.
Zestoako Ehbildu, Joxe Mari Kortaren omenaldian Udalak parte hartzearekin ados agertu zen, nahiz Udal Gobernuak eta bereziki alkateak erabilitako formak kritikatu, besteak beste, gure ordezkariekin hitz egin aurretik adierazpen instituzionala prentsara bidali eta gertatu gabeko balizko akordio baten berri komunikabideetan zabaltzeagatik. Halere, liskar politikoen gainetik biktimekiko zorra geuregan genuela aitortuta omenaldian parte hartu genuen.
Gauzak horrela, eta aurrekari hauek kontutan hartuta, ulergaitza bezain larria iruditzen zaigu, Xabin Etxaideren hilketaren urtemugan, Udal Gobernuak eta alkateak agertu duten axolagabekeria. Ez adierazpenik, ez oroimen ekitaldietan parte hartu, eta ezta keinu txikienik ere. Are ulergaitzagoa egiten zaigu, jaurlaritzako “Bake eta Bizikidetza” batzordeak eratu eta  lehendakariak zuzenean alkateei aurkeztu zien zerrendan, Xabin Etxaide herritarra  biktima gisa agertzen delako beste lau herritarrekin batera, horien artean Joxe Mari Korta.
Ondorioz, alkateari ondoko mezua luzatu nahi diogu, erakunde publiko baten ordezkari nagusi bezala, behingoz ardurak eskatzen duen neurria eman dezala. Gure ustez, erakunde publiko batek, Zestoako kasuan bezala, behin urratsa emanda, inongo biktimarik baztertzea ez da onargarria eta iraganeko zauriak era duin batean orbandu nahi badira, alkateari falta izan zaion nortasun eta ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu.
Bukatzeko, abuztuko idatzian luzatu bezala, Zestoako Ehbildu, dagokion ardurak bere eginik, indarkeriak eragindako biktimen aldeko errekonozimenduan elkarlanean aritzeko prest dagoela adierazi nahi dugu.

Zestoan, 2015eko irailaren 29an




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide