Albisteak

Zestoako EHBILDU: “alkatearekin hitzartutako akordioa bertan behera utzi du EAJk”

Herriko alkatearen eskariz, honek azken asteotan EhBilduko ordezkariekin burutu dituen bilera eta ondorioen berri ematea erabaki du Zestoako EhBilduk ohar honen bidez:

Aurreneko bileran alkateak gai sozioekonomikoei heltzeko EAJko udal taldeak dituen ezintasunak aitortuaz, Udal Batzorde bateko ardura hartzea galdegiten die gure ordezkariei.

Zestoako EhBilduk, udalaren osaketan esan zuena berretsi eta egungo egoerak horrela eskatzen duela sinetsita, sozioekonomiako batzordea sortu eta hau zuzentzeko bere prestasuna agertzen dio alkateari. Herritarren nahiari erantzunez, ikuspegi oso ezberdinak izan arren, elkarlan bat posible egin asmotan alkateari proposamen zehatz bat helarazteko konpromisoa hartuaz.

EhBilduk aipatu batzordearen zuzendaritza hartzeaz gain, aurtengo aurrekontuetan herriko etxebizitza hutsen alokairu sozialerako 40 mila eurotako kopurua bideratu, eta hondakinen bilketaren liskarrari amaiera emanaz, aldaketarik izatekotan, Lezon Ehbildu eta EAJk lorturiko akordioaren antzekoa adostea eskatzen du. Akordio horren arabera, errefusa eta organikoaren bilketa dagoen bezala utzi eta ontzi arinak edukinontzi bidez biltzera pasako ginateke. Betiere, aurreko legealdian era adostuan erabaki zena, adostuta aldatzea eskatzen du EhBilduk, eta ez inondik ere EAJk alde bakarrez erabakitzea.

Gauzak horrela, alkateak baldintzak onartzen ditu eta alderdi bakoitzak bere erakundearen babesa lortu eta gero, akordioa isteko hitzordua jartzen da. Akordioa isteko bileran, alkateak bere taldeko kideren batzuk akordioaren aurka daudela aitortu arren, gehiengoaren aldekotasuna daukala esanda, lehen aipaturiko terminoetan hitzartzen da akordioa. Eszenaratzea bi alderdien arteko prentsa agerraldi bidez egitea ere adosten delarik

Akordioa itxi eta hurrengo egunean, aurrekontuak prestatzeko bileran, gure ordezkariek akordioaren nondik norakoak aurrekontuetan nola txertatu aipatzerakoan, alkateordeak akordioaren berririk ez duela esateaz gain, EAJk hondakinen bilketa sistema aldatu eta edukinontziak jartzea erabakita daukala esaten digu. Alokairu sozialerako diru partidara iristea ere ezinezkoa izango dela adieraztearekin batera. Gure ordezkarien harridurarako, alkateak ez du bestelakorik esaten eta alkateordeak esandakoari men egiten dio. Egoera ulertu ezinik, gure zinegotziak bilera uztea erabakitzen dute.

Handik bi egunera, EAJk akordio berri baterako oinarriak helarazten dizkigu, aurrekoak euren babesik gabeak zirela argudiatuaz. Oinarri berri hauek EhBilduren aldetik onartezinak direla adierazten zaie, besteak beste, edukiontzien bilketa sistema onartzea eskatzearekin batera, alokairu sozialerako diru kopurua ere murriztu egiten zaigulako.

Bukatzeko, engainatuak izan garenaren sentsazio gaziaz, penaz diogu gertatu dena ezin dugula inondik ere onartu eta are gutxiago ulertu. Gure aldetik zintzotasun osoarekin aritu izan gara eta gure herriaren onerako akordio bat lortu izanarekin lanerako ilusioz ginen, dena muturren aurrean bertan behera erortzen ikusi dugun arte.

Ez dugu EAJren sukaldean sartu nahi baina etxean arazo larri bat daukatelakoan gaude eta Udal Gobernuaren kudeaketa osoa daukan alderdi politiko batek ezin du antzeko arazoekin biziraun. EhBilduko ordezkari zein herritarroi ere, gure ustez EAJk eman beharreko azalpen edo neurriren baten esperoan gelditzen gara.

Zestoan, 2016ko martxoaren 5ean




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide